Sanferminetako kartel eta azal lehiaketa deitu du Lesakako Udalak

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 7a

Lanak apirilaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira

Lesakako Sanferminak iragartzeko kartel eta programaren portada lehiaketara lanak aurkezteko epea apirilaren 30a arte ireki du Udalak, Lesakan jaio edo bertan bizi direnentzat. Programaren azalek 25 x 20 zentimetro izanen dute osotara eta kartelek 50 x 40 zentimetro. Bietan, derrigorrez “Lesaka. 2009ko Sanferminak” agertu beharko da.

Apirilaren 30a arte

Lanak paperean edo kartulinan aurkeztu behar dira, norberak nahi duen teknika erabiliz. Gaia ere norberak aukeratuko du lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabekoak izan beharko dute. Lanak, gisa honetako lehiaketan ohikoa den moduan aurkeztu beharko dira eta partehartzaile bakoitzak nahi adina lan aurkezten ahal diru, beti ere apirilaren 30eko arratsaldeko 13:00ak baino lehen. Kartel nahiz azal lehiaketako lehenbiziko saria 500 eurokoa izanen da eta bi lanak argitaratuko dira, bat kartel gisara eta bertzea programaren aitzineko alean. Lehiaketara aurkezten diren bertze lanak ere, programan argitaratu ahal izanen dira.

Gibeleko azala herriko ikasleen artean

Bertze aldetik, programaren gibeleko azala aukeratzeko ere lehiaketa izanen da herrian ikasten duten neska-mutikoentzako. Hemen ere 25x20 zentimetroko lanak aurkeztu beharko dituzte. Lehenbiziko saria, eskola materialean erabiltzeko 300 euroko erosketa-balea izanen da eta lana programaren kontraportadan agertuko da.

Betizuak peñak 25 urte

Sanferminetako kontuekin segituz, Betizuak peñak 25 urte bete dituela eta zenbait ekitaldi egiteko asmoa du. Hasteko peñen egunean bazkari berezia eginen dute Xaturetxean eta izen ematea maiatzaren 3a baino lehen egin behar da Koxkilla, Haizegoa eta Atxaspi ostatuan. Ospakizunerako kamixetak ere egiteko asmoa dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun