Eskualdean gertatzen ari diren lan erregulazio espedienteen eta despidoen kontra egiteko berrehun bat lagun bildu zituen joan den ortziralean Lesakan Baztan-Bidasoako LAB sindikatuak. “Kaleratzeak Stop” zioen pankarta baten gibeletik egin zuten ibilbidea Lesakako karriketan barna eta despidoen eta EREen kontrako oihuez gain, maiatzaren 21ean LABek eta ELAk Hego Euskal Herrian deitutako greba orokorraren aldeko oihuak ere egin zituzten.
Langileen testigantzak
Ibilaldia Plaza Zaharrean akautu zen eta bertan, eskualdeko zenbait lantegietako langileen testigantzak aditu ziren. Arcelor, Condesa, Hidrorubber, Composites Gurea, Funvera eta bertze zenbait enpresetako langileek beraien egoera kezkagarrien berri eman zuten, gehienak lan erregulazio espedientetan murgilduak baitaude.
Igor Arroio: «Erresistentziatik erasora pasatzeko garaia da»
Segidan, Igor Arroio, Nafarroako LAB sindikatuko idazkariak hartu zuen hitza eta eskualdeko langileek beraien lanpostuen defentsan egiten ari diren lana goraipatu zuen. Enpresariek milioietako irabaziak izan dituztenean langileen egoera ez dela batere hobetu, gogoratu zuen, baina egoera kaxkartu denean, langileak izan direla lehenbiziko kaltetuak. Eraberean, orain arte langileek erresistentzia egin dutela, baina erasora pasatzeko ordua dela ere azpimarratu zuen, maiatzaren 21eko greba orokor deialdiari aipamen eginez.