Denboraldi honetako lehen izokina, “Lehenbizikoa” denboraldia irekitzen zen egun berean, apirilaren 1ean, arrantzatu du Ernesto Gainza Aranburuk, 38 urteko beratarrak. Goizeko 9:30ak aldera atera du kasik 7 kilo eta 89 zentimetro dituen izokina, Villanuevako bihurgunea eta zentralaren artean dagoen putzuan. Denboraldia lan egunean ireki den arren, Gainzak aipatu digunez, “ez dakit jubilazioengatik edo espedienteengatik edo zergatik, baina goizean jende aunitz zegoen Los 50 inguru horretan. Horregatik errekan goiti joan naiz eta Villanueva inguru horretan bakar bakarrik nengoen”. Normalki arrantzale “beteranoagoek” atera ohi dute Lehenbizikoa, baina Gainzak gogoratu digu ez dela “hasiberria” izokin arrantza kontuetan, 17 urte zituenetik horretan aritzen baita. Garai horretan 65 bat izokin arrantzatu omen ditu, baina sekulan ez “Lehenbizikoa” eta inoiz ere hain handirik.
Eskaintzarik ez
Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko kideek oroigarria eman diote Bidasoako lehen izokina arrantzatzeagatik, baina normalki arrain hau erosten zuen Iruñeko Hartza jatetxea itxia dagoenez, ez du uste bertze saririk izanen duenik: “Ez dut eskaintzarik izan, beraz, seguruenik etxean janen dugu. Sake ederra emanen diogu!”
Uztailaren 19ra edo hirurogeigarrena arrantzatu bitarte
Aipatu bezala, apirilaren 1ean ireki da izokin arrantza denboraldia eta uztailaren 19a arte edo hirurogeigarren alea arrantzatu bitartean zabalik izanen da.