Beraien eskubide sozial eta zibilak urratuak dituztenei elkartasuna adieraziz mozioa onartu zuen Lesakako udalak, joan den martxoaren 27ko ezohiko batzarrean. Mozio hori EA eta Oninek hitzartutakoa zen eta sarreran harridura azaltzen zuten “herritar bat inputatu dutelako, txoznen inguruan egiten ari omen diren ikerketa baten aitzakipean”. EAk eta Oninek onartutako testuaren arabera, “inputazio honek ez du herrian ditugun arazoen judilizazioa bertzerik ekartzen eta ez du arazo politikoa behingoz moldatzeko deus baikorrik suposatzen”. Horregatik, Udalaren mozioak “elkartasuna eta babesa” adierazi die eskubide sozial eta politikoen urratze egoera bizi dutenen eta horrek elkarbizitza eta herriko normaltasuna eragozten dituela aipatzen du. “Herri honek irtenbide zibil eta demokratikoa” behar duela dio EAk eta Oninek adostutako idatziak.
Zuzenketa
Astelehenean Diario de Navarra egunkarian argitaratutakoari dagokionez, Koldo Erkizia alkateak aipatu du “hasierako testua ez zela txoznen ordezkariak aurkeztutakoa eta udala ez dela talde horrekin bildu, ez baita txoznen batzorderik”. Pleno deialdiari buruzko “manipulaziorik” ez egitea ere eskatu dio Lesakako alkateak PNVri, “legeak agintzen duenaren arabera urgentziaz deitu baitzen”. PNVk agiriak tenorez ez zituela ere ez da egia Erkiziaren ustez eta “seriotasuna” eskatu dio, “komunikabideetan egi erdiak, informazio zehatazk eta neurrigabeko eta lekuz kanpoko akusazioak errateko” ez agertzeko.