Berako Musika Eskolako ikasleak Arantzara joanen dira asteazken arratsaldean

ttipi-ttapa 2009ko apirilaren 1a

Rosa Errandonearen erakusketan gisa honetako argazkiak ikusten ahal dira. TTIPI TTAPA

Rosa Errandonearen "Bera atzo" erakusketa zabalduko da apirilaren 3an

Berako Isidoro Fagoaga Musika Eskolako ikasleek Arantzara ateraldia eginen dute apirilaren 1ean, asteazken arratsaldean. 15:45ean aterako musika ikasleak Toki-Onatik eta 16:30ean kalejira eginen dute Arantzako karriketan barna. 17:30ean kontzertua eskainiko dute herriko plazan eta ondotik berendua izanen dute.

Bera Atzo erakusketa

“Bera atzo” izenburupean argazki erakusketa zabalduko du Rosa Mari Errandonea beratarrak ortziral honetan, apirilaren 3an. Hilaren 19ra bitarte Kultur Etxean izanen da ikusgai, asteartetik igandera. Goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara egonen da zabalik, igande arratsaldetan izan ezik. Rosa Mari Errandoneak aipatu digunez, www.beragureherria.com web-orrian ikus daitezken argazkian paratuko ditu Kultur Etxeko erakusketa-aretoan ere, bertze zenbait agiriekin batera.

Gazteentzat eskulan tailerra

Bertzetik ortziralean, apirilaren 3an, Estitxu Mentaberrik 5 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzako eskulan tailerra eskainiko du Berako Herri liburutegian 18:00etan. Berako liburutegiak eta Kultur Batzordeak antolatu dute ekitaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun