Itxaso Fagoaga kirolari lesakarrak Skeet Olinpikoan Erregearen Kopa irabazi zuen Valladoliden martxoko azken aste hondarrean jokatutako lehian. Bertako tiralari bat izan zuen arerio nagusia, izan ere, azkeneko 25 plateretara ailegatutakoan plater bat gibeletik baitzen lesakarra, baina azkenean garaipena lortu zuen. Eguraldi kaxkarra izan zuten, hotza, haizea eta euria, baina azkenean kopa irabazi zuen Itxasok. Antonio Javier Fagoaga aitak, seniorren hirugarren mailan azpitxapeldun izan zen.
Nafarroako txapelketan aita-alabak aurrez aurre
Igande honetan, apirilaren 5ean, Nafarroako txapelketa azken 50 tiroak eginen dituzte Fagoaga aita-alabek Valdorban. Lehenbiziko 50ak Elizondon egin zituzten duela aste batzuk eta sailkapena estu-estu dago: Itxaso alaba lehenbiziko eta Antonio Javier aita bigarren. Hori bai, irabazteko aukera badu ez duela barkatuko aipatu digu Antonio Javierrek. Apirilaren 18 eta 19an, berriz, Espainiako txapelketa jokatuko dute Madrilen.