Txoznekin zerikusia omen duen ikerketa batean inputatu gisa deklaratu du lesakar batek

Aitor AROTZENA 2009ko mar. 31a, 17:17

Sinadura bilketan parte hartzeko deia egin dute prentsaurrean azaldu direnek. TTIPI TTAPA

Herritar talde batek "Lesakan bizi dugun salbuespen egoera" salatu du prentsaurrean

San Fermin bestetako txoznekin zerikusia omen duen Audientzia Nazionaleko ikerketa batean, Guardia Zibilaren aginduz bi herritar deklaratzera deituak izan dira lekuko gisara eta horietako batek, egun guttitara inputatu gisara ere deklaratu behar izan du. Gertaera hau salatzeko eta “Lesakan bizi dugun salbuespen egoera” salatzeko, lesakar talde batek prentsaurrekoa eskaini du astearte eguerdian Herriko Etxeko pleno aretoan. “Herrian bizi dugun egoera larriak alarma guziak piztu” dituela aipatu dute beraien idatzian. Azkeneko urteetan, izan diren eskubide bortxaketak gogoratu dituzte: “azken urteetan 7 herritar izan dira atxilotuak eta torturatuak, bertze bat erbesteratua, Arrano elkartea miatua eta sumario batean sartua, presentzia polizial itogarria bazter guzietan…”. Azken urtean egoera hori larritu dela ere aipatu dute eta joan den urteko atxiloketak eta atxilotze saiakerak, hamalau urtez Sastrinera egin izan den martxaren eta bazkariaren debekua Audientzia Nazionalaren aginduz eta bertze zenbait gogoan hartu dituzte.

«Oraingoan ere Lesaka jopuntuan»

Oraingoan berriz ere Lesaka jo puntuan jarri dutela adierazi dute, “herritar bat inputatuz argitzeko dituzten arrazoiez akusatua”. Egoera honen harira, zenbait galdera egin dituzte: “Nor ote da hurrengoa? Zertarako? Zein da delitua?”. Gertaera honek herritarren eskubideak errotik moztu eta lesakarron elkarbizitza larriki oztopatzen ari direla uste dute. Gehiago oraindik, “lesakar aunitzen oraina eta etorkizuna erabat baldintzatzen dute injerentzia hauek, herritarron ongi izatea eta askatasun pertsonal zein kolektiboak ezinezko bihurtuz”.

Sinadura bilketa

Gure herriak eta herritarrek bizi duten justizia eza salatzen segitu behar dela uste dute asteartean prentsaurrera agertu diren herritarrek eta gure herria “salbuespen egoera batean bizitzera kondenatu nahi duten bitartean ezin gara eskuak gurutzaturik eta ixilik egon”. Horregatik, herrian abiatu den sinadura bilketan parte hartzera gonbidatu dituzte herritar guziak.

Mozioa onartu zen joan den ortziralean

Joan den ortziralean, Lesakako udalbatzak mozio baten bitatez konponbide baten beharra azpimarratu zuen afera honen inguruan. Txoznen batzordeak egindako idatziari zenbait aldaketa egin zizkieten EAk eta Oninek eta mozio hori onartu zuten. Mobilizazio bat deitzeko ardura ere hartu zuten udaleko talde hauek eta erabaki hori ontzat eman dute. PNV ez zen ezohiko batzarrera azaldu, “identifikatu gabeko eta Herriko Etxean sarrerarik ez zuen agiri baten arabera konbokatua” izan zelako. Gainera, Juan Fermin Mitxelena zinegotziaren ustez, “txoznak antolatzen dituen taldeak urtetan ez du amorerik eman txoznen kokapenari dagokionez, herri erdi-erdiko aparkalekuan jarri baitu. Astebetean bertze inork ezin du erabili eremu hori eta antolatzaileek ez dute inolako negoziaziorik onartzen, leku hortatik mugitzea inoiz ere ez dute onartu, udalak inguru horretadako izan ditzazkeen asmoak ez dituzte errespetatzen”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun