1.300 pertsona inguru sartu ziren igandean Lesakako udal pilotalekuan, Lesakako Zerbitzuen Elkarteak lehen aldiz antolatutako Udaberriko Ferian salgai paratutako produktuak ikusi eta erostera. Lesakako 15 komertziok jarri zuten beraien produktuak salgai: Goiz-Alde janaridenda, Bixkiak, Onin Art, Panpiña eta Ortzadar arropadendak, Intzuri optika, Oreka dietetika denda, Telletxea argazkidenda, Txinelka zapatadenda, Barceló Bidaiak, Txirula loredenda, Kaxerna etxeko tresnak, Deñe lentzeria, Ordoki mobledenda eta Antxordoki ahizpak ileapaindegiak parte hartu zuten ferian.
«Arrakasta handia, hilabete bukaera zela kontuan hartuz»
1.300 lagun horiek euro bateko sarrera ordaindu zuten frontoira sartzeko eta horren truke, Haizea kafetegian eta Atxaspi eta Kattu ostatuetan kontsumizioa doan zuten. Maider Susperregi, Lesakako Zerbitzuen Elkarteko presidentea gustora dago Feriak izandako arrakastarekin: “Salmentak nahiko ongi joan ziren eta gustora gaude. Kontuan hartu behar da, gainera, hilabete bukaeran gaudela eta halere jendeak erosi zituen produktuak”.