Baztan-Bidasoaldea “basamortu industriala” bihurtzeko arriskuaz ohartarazi du ELAk

Aitor AROTZENA 2009ko mar. 30a, 13:38
400 lagunek egin zuten Zalain industrialdea eta Lesakako plazaren arteko ibilbidea. TTIPI TTAPA

Sindikatuak deituta 400 bat lagunek egin zuten Bera eta Lesaka arteko martxa larunbatean

Baztan-Bidasoaldean ordezkaritza sindikalaren erdia baino gehiago duen ELA sindikatuak deituta, 400 bat lagunek bete zuten larunbatean Berako Zalain industrialdea eta Lesakako plazaren arteko ibilbidea, “Bortziriak-Malerreka-Bertizarana-Baztan egoera larrian” zioen pankartaren gibeletik. Ibilaldian “Industrian nahi dugu lan egin”, “Enplegurik gabe, bizitzarik ez”, “No falta dinero, sobran ladrones”, “Bidasoa borrokan” eta gisako oihuak bota zituzten. ELAko ordezkari eta afiliatu aunitzekin batera, bertze sindikatuetako zenbait ordezkari, langileak eta ordezkari politikoak izan ziren. Honela, Jon Abril Aralarko koordinadore ordea eta zinegotzia eta NABAIko Nekane Perez eta Patxi Telletxea parlamentariek osatu zuten 6 kilometroko ibilbidea. Aralarrek bai larunbatean ELAk egin zuen martxan eta ortziral honetan Lesakan LABek deitu duen manifestazioan parte hartzeko borondatea azaldu du. Hori bai, sindikatuak elkarlanean aritzeko eta mobilizazio bateratuak egiteko deia egin du eta aldi berean, eskualdeko alkateei zera eskatu die, “krisiari erantzun bateratua ematea eta Nafarroako Gobernura jotzea, langileek onartu ez duten bertze lan erregulazio espedienterik ez onartzea exijitzeko”.

"Basamortu industriala" bihurtzeko arriskua

Lesakako plazan, Jose Mari Arribillaga, Baztan-Bidasoako ELAko ordezkariak hartu zuen hitza. Berak emandako datu kezkagarrien arabera, Beratik hasi eta Urdazubi-Zugarramurdi bitarteko 600 kilometro koadroetan 20.000 bizilagun bizi dira. 8.000 pertsonako populazio aktibo batean, mila langabetuak dira gaur egun eta 2.000 inguru espedienteren batean murgilduak daude. Gauzak aldatzen ez badira, eskualdea “basamortu industriala” bihurtu daitekela adierazi zuen. Mitxel Lakuntza, ELAko Nafarroako koordinatzaileak Nafarroako Gobernuak eskualde honekin izan duen utzikeria salatu zuen. Enplegu Plana ere salatu zuen: “1.500 milioi euroko inbertsioa egin bai, baina lagunei laguntzeko besterik ez du balio izan. Zenbat diru ailegatu da Baztan-Bidasoara? Zenbat lantegi berri ireki dira azken 15 urteotan?”. Nafarroan 37.000 langabetu daudela eta 5.000 familietan, kide bakar batek ere ez duela lanik ere aipatu zuen, datu kezkagarri bezala eta “politika aldatzeko garaia” dela azpimarratu zuen.

Ortziralean Labritera

Etorkizunerako deialdiak ere egin zituen ELAk. Ortziral honetan, apirilaren 3an, Labrit pilotalekua bete nahi dute 1.500 lagunekin eta gero manifestazioa egin nahi da. Maiatzaren 1aren ondotik, Irunen manifestazioa deitu du ELAk maiatzaren 15erako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun