Larunbat arratsalde honetan Korrika Kulturala eginen da

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 30a, 11:08

Herriko haur, gazte eta helduek herrian barna lasterkaldia eginen dute

Gogoan dugu herria omendu zuten edizioa. Korrikak geroztik hiri, herri eta auzoetan barna milaka kilometro egin ditu euskararen alde. Duela 29 urte hasi zen AEK euskararen aldeko lasterkaldia antolatzen eta joan den martxoaren 26an Tuteratik abiatu zen 16. edizioa. Astelehenean eskualdeko lurretan ibili zen eta hirurogeitik gora kilometro eta dozenaka lagunen lekuko pasak izan ziren. Herriak ere ekarpena egin du eta Udalak, Ekaitza Elkarteak eta Gazte Asanbladak astelehenean lasterkaldian parte hartu zuten.
Gure herritik pasako ez bada ere, larunbat honetan, apirilak 4, Korrika Kulturala prestatu da. Herriko Eskolak, elkarteek eta Udalak esku hartu dute antolaketa lanean.
Arratsaldean herrian barna lasterkaldia eginen da. Erroitzinekoborda eta Berganea atariak, Herriko Plaza, Larreta auzoa, Dena janari-denda eta Goienburu aldea izanen dira puntuak. Ibilbidean zehar, helduek hartuko dute lehendabizi lekukoa eta gero Berganetik aitzinera eta Larreta aldeko eremu zelaian ttikienek hartuko dute. Ondotik, Goienburura joateko berriz ere zahartxoagoek hartuko dute ardura. Hala ere, seguro batek baino gehiagok ibilbide guzia eginen duela! Herrian barna lasterka ibili ondotik, txalaparta tailerra eginen da. Lerro hauek idazterakoan, duda mudako ekimena triki poteoarena da… Beraz, larunbaterako badakizue! Gonbidapena luzatua dago!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun