San Fermin elkarteak Ultzama eta Lourdesera bidaiak antolatu ditu

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 30a, 10:57

Apirilaren 17an eta maiatzaren 8an izanen dira egun bateko ateraldiak

San Fermin erretiratuen elkarteak Ultzamara ateraldia antolatu du apirilaren 17rako. Irteera plazatik eginen da goizeko 8etan eta Iraizozko gazta fabrika eta Lizaso eta Auza bisitatu ondotik, Goldarazen bazkalduko dute honako menu honekin: zainzuriak eta txistorra hasteko; ilar beltzak aza eta odolkiarekin, haragi zopa, ajoarriero, bildots edo zerrikuttina entsaladarekin, aretze-txuleta, eta kailatua edo gazta postrerako, dena ardoz, urez, kafez eta kopaz ongi hornitua. Bazkalondoan Lekunberri eta Leitza bisitatuko dituzte, etxera bueltatu aitzinetik. Txartelak erretiratu elkartearen ostatuan eros daitezke apirilaren 12a bitarte 26 euroren truke, baina kontuan hartu behar da bakarrik autobusa bete arte izanen dela lekua, beraz, lehenbailehen mugitzea komeni da.

Jubilatuek Lourdesera joateko asmoa ere badute maiatzaren 8an. Txartelak apirilaren 4an paratuko dituzte salgai, bazkideentzat 17 eurotan. Apirilaren 26a arteko epea izanen dute bazkideek txartelak eskuratzeko. Oraindik lekurik balego, bazkide ez direnek izanen dute Lourdesera joateko aukera, 20 euroren truke. Maiatzaren 8an, goizeko 7etan abiatuko dira plazatik eta 11etan meza izanen dute San Gabriel kaperan. Gurutzebidea egin ondotik, Florida jatetxean bazkaldu eta arratsaldea libre izanen dute, etxera bueltatu aitzinetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun