Ttipi-Ttapa Telebista berriz ere Bortzirietako etxeetan egotea lortu arte, sentsibilizazio, atxikimendu eta salaketa ekimenak abiatu ditu Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Helburu horrekin sinadura bilketari ekin dio Bortzirietan.
Martxoaren 14an, bertzalde, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako herrietako euskara batzordeek deituta 200 bat lagun bildu ziren Etxalarren, Euskarari erasorik ez!, Euskarazko komunikabideen defentsan, Ttipi-Ttapa Telebistaren alde izenburupean egindako kontzentrazioan. Ordu erdi batez isilean egin zen kontzentrazioa plazan, tartean bortz herrietako udal ordezkariak zeudela. Beraiekin batera, kirola, kultura eta gizarte mailako hainbat pertsona ezagun ikusi ziren, bortz herrietatik, Sunbillatik, Malerrekatik eta Baztandik hurbildutako jendearekin batera.
Euskararen aurkako hizkuntza politika
Kontzentrazioaren akaberan, Pello Apezetxea Etxalarko Euskara Batzordeko kideak eta Ttipi-Ttapa Fundazioko patronatuko presidenteak hartu zuen hitza. Apezetxearen erranetan, gertaera larria da Ttipi-Ttapa Telebistak emisioa etetea, «sekulako kezka eta ezinegona sorrarazi dizkiguna. Horren aitzinean, honako hau adierazi nahi dugu: Nafarroako Gobernuaren euskararen aurkako hizkuntza politika salatu nahi dugu ozen. Nafarroako Gobernuak, sortu zenetik, inoiz ez du euskararen aldeko jarrera izan, baina azken urteetan, hori aski ez eta euskararen aurkako hizkuntza politikari ekin dio buru-belarri, legegintzaldi honetan, Euskarabidearen mozorropean: lege bidez euskarari eta euskaldunoi ateak itxi, euskararen ezagutza ahal den neurrian oztopatu, hizkuntza paisaiatik euskara ezabatu, euskalgintza ekonomikoki ito… zoritxarrez adibide aunitz ditugu».
Lizentzien banaketan aukerarik gabe
Euskarazko hedabideei dagokienez, tokiko hedabideen aurkako erabaki edo oztopoak ez direla atzokoak gogorarazi zuen Etxalarko Euskara Batzordeko kideak. Lurreko Telebista Digitalaren aroa ailegatzear da, «eta tokiko hedabideen jarduna arautzeko eta lizentziak banatzeko garaian, gure eskualde osoa, tokiko telebista izateko aukerarik gabe gelditu zen, bertako telebistak egoera irregular eta ezegonkorrean jardutera kondenatuz». Gainera, hedabideei zuzendutako dirulaguntzen murrizketak, %95ekoak, izan du bere lehenbiziko ondorioa, aise aurreikusi zitekeena, Apezetxearen errantean: «Ttipi-Ttapa Telebistaren etena. Erabaki hori helburu argi batekin hartu dute, euskara eta euskalgintza itotzea, alegia, jakina baitzen tamainako murrizketa batek arrisku bizian utziko zituela hainbat tokiko hedabide».