Borondatezko baja hartzen ez duten langileentzat 2. erregulazioa Funveran

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 30a, 10:21
Zuzendaritzak proposatu dituen baja boluntarioak hartzeko, apirilaren 1era bitarteko epea zuten langileek. Orain, hilaren 9ra arte negoziazioekin segituko dute LAB eta ELA sindikatuek zuzendaritzareki

Apirilaren 9ra bitarte negoziatzen ariko dira sindikatuak eta enpresa

2009a ere badoa, baina krisi ekonomikoak bere horretan segitzen du. Okerrera ere egin duela erran liteke. Ia mila langabe daude Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emanda, sekula baino gehiago, eta horri, kaleratzear egon daitezkeen ehunka kasu gehitu behar zaizkio. Lan eskaria jausteak muturreko ondorioak utzi ditu: enpresa batzuk itxita, bertzeak ixtear, eta bertze aunitz hala honela. ERE edo Enplegua Erregulatzeko Espedienteak ere ezagun egin dira eta hori da adibidez, Berako Funvera lantegiaren kasua. 2008ko azaroan zuzendaritzak EREa aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuan eta 58 egunez 188 langileri kontratua eten zion enpresak. Kontua, ordea, ez da hor bukatu. Diruz lagundutako bajak borondatez hartzeko bi proposamen egin ditu zuzendaritzak, eta gainerako langileentzat borondatezko baja hartzen duen langile kopuruaren araberakoa izanen litzatekeen bertze ERE bat paratu nahi du indarrean apirilaren 14tik aitzinera. Egoerarekin arduratuak negoziazioetan dabiltza Langileen Batzordea osatzen duten ELA eta LAB sindikatuak.

Krisi ekonomikoa ailegatu arte, produkzioan bete-betean asmatu zuen Funverak. Lau urtetan produkzioa bikoizteko asmoa ere bazuen: «2006ra arte 7.000 tona produzitu genituen, 2006an 8.000 tona, 2007an 10.000 tona, 2008an 13.000 tona eta aurten 15.000 tonara igo nahi zen produzkioa». Halaxe azaldu digute ELA sindikatutik. Azken aldian irabazi haundiak lortzera ere ailegatu zen. LAB sindikatuaren arabera, «azken hiru urteotan sei milioi euroko irabaziak» egin zituen eta ELAren hitzetan, «azken sei urteotan 11 milioi euroko irabaziak». Baina krisiarekin egoerak okerrera egin du, eta antza, ez du hobetzeko itxura haundirik.
Joan den urte hondarrean hasi zen zuzendaritza neurriak hartzen. Azaroaren 18an lan-kontratuen etenaldiekin EREa aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Lan Sailean 58 egunetarako. Gobernuak baimena eman zion enpresari eta geroztik, 188 langile erregulazioan daude. Baina epea luzatu egin nahi du zuzendaritzak eta horretarako, martxoaren 9an bertze erregulazio bat aurkeztu zuen: langile guztiei eraginen liekeen kontratuen etenaldia 152 egunetarako, apirilaren 14tik urte akabera arte. Aldi berean, 48 langile finko kaleratu nahi zituela erran zuen.
ELAk zein LABek, ordea, kaleratzerik ez zutela onartuko adierazi zuten hasieratik, eta enpresarekin negoziatzeari ekin zieten. Greba eguna ere antolatu zuten martxoaren 26rako, eta kontzentrazioa ere bai Iruñeko Lan Ikuskaritzaren bulegoaren aitzinean. Baina azken momentuan, bertze proposamen bat mahaigaineratu zuen enpresak: 48 kaleratzeak alde batera utzi eta diruz lagundutako bajak borondatez hartzeko bi aukera proposatu zituen:
1.- 10.000 euro hartu eta bi urtez langabezian egon ondotik, berriz lantegira itzuli postu finkoarekin, baina antzinatasun guztia galduz.
2.- Langileak lan egin duen urte bakoitzeko, 20 eguneko soldata jasoko luke kalte-ordainetan, baina 12 urteko mugarekin. Aukera hau hartuz gero, bizpahiru urteren buruan baliteke lantegira itzultzeko aukera izatea, baina ez finko bezala. Enpresak langilea ebentual bezala hartuko ez balu, urte bakoitzeko 10 eguneko lansaria jasoko luke eta horrekin lantegitik betirako kanpoan geldituko litzateke. Proposamen honen barrenean, bertze bide bat hautatzeko aukera ere badute langileek: urte bakoitzeko 30 eguneko kalte-ordaina jaso, baina 12 urteko mugarekin. Honela ere langilea betirako enpresatik kanpo geldituko litzateke.
Diruz lagundutako baja boluntarioa hartu nahi duenak apirilaren 1era bitarteko epea zuen izena emateko, asteazkenera arte, beraz. Baina kontua urrutirago doa. Diruz lagundutako baja horietan izena emandako langile kopuruaren araberako EREa aurkeztu nahi baitu zuzendaritzak gainerako langileentzako. «Inor ez bada apuntatzen, agian 220 egunekoa izan daiteke», dio ELAk. LABek, bere aldetik, «garbi» du ez duela ERErik onartuko.
Baja boluntarioetan izena emateko epea bukatuta, apirilaren 9ra arte negoziatzen ariko dira sindikatuak eta enpresa. Edonola ere, etorkizuna ziurgabe ikusten dute. ELAren hitzetan, «enpresak beti nahi duena egiten du», eta LABek ere, etorkizuna, «momentuz iluna» dela dio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun