Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekan ordezkaritza sindikalaren erdia baino gehiago duen ELA sindikatuak martxoaren 28an Bera eta Lesaka lotuko dituen martxa antolatu du, “Gure etorkizunaren alde, enplegua babestuz etorkizuna bermatu” izenburupean. Oinezko ibilaldia arratsaldeko 16:00etan abiatuko da Berako Savera enpresaren paretik eta Lesakako plazara ailegatuko da. ELA sindikatuak jarritako autobusak zain izanen dira Lesakan, jendea bueltan Lesakara eramateko. Bezperan, martxoaren 27ko eguerdian, kontzentrazioa egin du ELAk Doneztebeko Enplegu Bulegoaren atarian.
Aralarrek bat egin du ELA eta LABen mobilizazioekin
Aralar alderdiak, bere aldetik, ELAk larunbat honetarako antolatu duen martxarekin eta LABek heldu den ortziralerako Lesakan deitua duen manifestazioarekin bat egin nahi izan du eta bietara alderdiko ordezkaritza joanen dela iragarri du. Krisia langileek sortu ez dutenez ezin dela hauen bizkar gelditu uste du Aralarrek, eta langileen eskubideen defentsan indarrak metatzeko deia egin du. Sindikatuek harremanak sakontzeko beharra ere azpimarratu du, eta mobilizazioak sindikatu bakoitzak bere aldetik egin baino, bat eginda egiteko beharra azpimarratu du.
Alkateei deia
Aralarrek eskualdeko alkateei dei egiten die batu eta krisiari erantzun bateratua emateko Nafarroako Gobernuarengana jo dezaten, eskualdeko egoera aztertu, irtenbideak bilatu, eta langileek onartu gabeko EEErik ez onartzeko exijitzeko.