Escena jaialdiak breakdance eta hip-hop dantzak ekarriko ditu larunbatean Berara

ttipi-ttapa 2009ko mar. 27a, 11:38
Larunbatean hip-hop dantzak ikusgai izanen dira Berako Kultur Etxean. TTIPI TTAPA

Logela Multimedia & Circle of Trust-ek “Papiro...flexia” eskainiko dute Kultur Etxean 20:00etan.

Larunbat honetan, martxoaren 28an, Escena Dantza jaialdia Berara ailegatuko da, Berako Kultur Batzordearen eta Nafarroako Gobernuaren eskutik. Logela Multimedia & Circle of Trust-ek “Papiro...flexia” eskainiko du Berako Kultur etxean 20:00etan. Ekitaldiko sarrera 6 eurokoa da, baina 10 euroan, apirilaren 17ko ekitaldira ere sartzeko eskubidea ematen duen bonoa eskuratzen ahal da. Logela & Circle Of Trust taldeak eginik, Hip Hop dantza multimediako lan berri honen xedea da paperezko irudigintzaren artea eta gizakiaren sormen prozesua alderatzea, metafora erabiliz. Horregatik, obraren izenburua hiru zatitan idatzita dago, bereizirik: Papiro...flexia. Papiro: orri zuria irudikatzen du, sormen lan guztien hasiera. ...: itxaronaldia, ideia sortzen den aldia. Flexia: edozein sormen prozesu baino lehen ikaste fasea dago. Fase honetan sortzaileak malgua edo tolerantea izan behar du informazioa jasotzeko.

Papiro…flexia

Papiro...flexia obraren asmoa da sormen prozesua ikertzea. Gizakiaren dohaina da hori, istorioarekin batera inguruan ditugun gauza material eta inmaterial guztiak gozatzea eta gutxiestea ahalbidetzen diguna. Prozesuan sentimendu bizien nahasketa gertatzen da.
Logela & Circle Of Trust taldeak antzezteko dituen planteamenduak gazteei zuzenduta dauden arren, mota guzietako pertsonek ere gozatzen ahal dituzte. Logela taldeak bideoa eta soinua eskaintzen ditu, eta, berritasun gisa, azken lan honetan irudi aunitz denbora errealean sortuko dira.

Logela Multimedia

Logela Multimedia Taldean lau sortzaile gazte daude: bi musikari informatiko eta bi bideo-sortzaile. Dena den, beren proiektuetan laguntzaileak egoten dira beti. Logela taldearen helburua da produktu digitalak sortzea, hainbat formatutan emanak: DVD, CD-Rom, Internet... jarraian, eszenatokira eraman, eta ekoizpen digital horien zuzeneko emanaldiak sortzen dituzte.

Circle of Trust

Circle of Trust Breakdance. 2002an sortua da taldea. Bere estilo fresko eta berritzaileak dantza mota aunitz nahasten ditu: breakdancea, funkya edo house-dancea eta hip hopa. Saio aunitzetan aritu da telebista platoetan, publizitate kanpainetan edo ekitaldietan. Nabarmentzekoa da Max 2004 sarian egindakoa, bertan, Blanca Liren zuzendaritzapean koreografia bat dantzatu baitzuten.

Ipuin kontalaria ortziral arratsaldean

Larunbateko dantaz garaikide emanaldia baino lehen, martxoren 27an, ortziralean, Ines Bengoa haurrentzako ipuin kontalaria izanen da Berako herri liburutegian, 18:00etan. Lau eta zazpi urte bitarteko neska-mutikoentzako ipuinak kontatuko ditu, Berako Liburutegiak eta Berako Kultur Batzordeak antolatutako ekitaldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun