Berako Maratoi Erdian parte hartzeko dortsalak agortu egin dira

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 26a, 13:39

Manttale Taldeak martxoaren 2an zabaldu zuen epea eta bortz egunetan bukatu ziren

Apirilaren 19an jokatuko den Mendi Maratoi Erdirako eskuragarri paratu ziren dortsalak bukatu dira. Manttale Mendi Lasterketa Taldekoek martxoaren 2an zabaldu zuten izena emateko epea eta bortz egunetan dortsal guztiak agortu ziren. 400 partaideko muga ezarri zuen eta bai erraz gainditu ere.

Ezagun aunitz

Izena eman dutenen artean, Fernando Etxegarai eta Jokin Lizeaga daude, iazko edizioan lehenengo eta hirugarren sailkatu zirenak, hurrenez hurren; Zuhaitz Ezpeleta ere herrian izanen dugu, joan den urtean Espainiako Kopan garaipena lortu zuena; Patxi Irazoki 2007an hirugarren gelditutakoa eta Arkaitz Zamakona, Enekoitz Aizpurua, Arkaitz Sodupe, Unai Santamaria... izanen dira. Emakumezkoetan, Alizia Olazabalek parte hartuko du –2008ko irabazlea–, baita Jaione Sasieta 2006an hirugarren izan zenak, Kristina Arbues 2007an hirugarren sailkatutakoak eta Arantza Izagirre iazko irabazleak ere.

Ohiko ibilbidea

Ibilbidea aitzineko urteetakoaren berdina izanen da: 2.420 metroko desnibela eta 21 kilometroko luzera izanen ditu. Oraingoz, gizonezkoetan Ionut Zinkarena da markarik onena (1:41:27) eta emakumezkoetan Alizia Olazabalena (2:07:05). Zinkaren marka hobetzen duenak 300 euroko aparteko saria jasoko du, eta horrez gain, Ibardinera lehenengo ailegatzen denak 150 euro jasoko ditu. Maratoiko lehen hiru sailkatuek, berriz, emakumezko zein gizonezkoek, 250, 150 eta 100 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Lasterketa goizeko 9:30ean abiatuko da kiroldegitik eta federatu nahiz federatu gabekoei irekia dago.

Gazteentzat lasterketa

Aurten, berrikuntza gisa, 15-17 urteko gazteentzat ere lasterketa antolatu du Manttalek. Kiroldegitik abiatu eta Ibardinera bitarte 6,6 kilometroko bidea egin beharko dute. Izena aipatu web orrian eman behar da, sei euro ordainduta eta irteera, helduek baino 5 minutu beranduago izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun