Martxoaren 30ean bukatuko da Berako Guraso Eskolan izena emateko epea

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 25a, 10:29

Hilario Garrudorekin lau saio antolatu ditu Berako Udalak, drogen prebentziorako planaren barrenean

Berako Udalak, drogen prebentziorako planaren barrenean, gurasoak seme-alaben hezkuntza baliabideetan sakontze aldera, interesa dutenentzat guraso eskola antolatu du datorren maiatzerako. Bertan parte hartu nahi duenak izena eman behar du datorren astelehena martxoaren 30a baino lehen, herriko edozein ikastetxetan zein Haur Eskolan.

Maiatzeko ortzegunetan

Saioak maiatzeko ortzegunetan izanen dira, maiatzaren 7, 14, 21 eta 28an. Bi talde osatuko dira, arratsaldez, bata 15:00etatik 17:00etara, eta 17:30etatik 19:30etara bertzea. Matrikula 25 eurokoa izanen da, eta bikoteak izena emanez gero, 40 eurokoa izanen da bien matrikula.

Hilario Garrudok gidatua

Guraso Eskola Hilario Garrudok gidatuko du. Garrudo psikologian lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean, eta Psikologia klinikoan eta familia-terapian aditua. Eskarmentu handia du jendearen prestakuntzan eta psikologo gisa, droga-mendekotasunen arloan. EDEX elkartearekin lan egin ohi du, eta prestatzaile aditua da bizitzarako trebetasunak irakasten, betiere nerabezaroan izaten diren arriskuei eta droga mendekotasunei aurre hartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun