Omenaldi hunkigarria jaso du Bruk txirrindularitzari emandakoa gogoan

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 18a, 15:01
TTIPI TTAPA

Herritar eta lagun aunitzek parte hartu dute ekitaldietan

Ttiki-ttikitatik bizikletaren gainean, eta tartean zazpi urte profesionaletan. Lasterketa eta garaipen aunitzekin, horrela osatu du Jon Bru beratarrak txirrindulari bezala bere ibilbidea. Egoerak hala behartuta utzi egin du txirrindularitza, baina orain artekoa gogoan, herritarrek eta lagunek omenaldi hunkigarria eskaini zioten otsailaren hondarreko asteburuan.

Aurreskua, oroigarriak, Bruri buruzko erakusketa eta ikus-entzunezkoa... Eta tartean emozioz beteriko negar malkoak ere bai. Ortziralarekin hasi zen omenaldia, Luis Mir Gure Txokoa Dantza Taldeko kideak Jon Bru eta honen gurasoen aitzinean Aurreskua dantzatu zuenean. Txapela eman zion ondotik. Rafa Etxeberria Berako Udaleko kirol zinegotziak oroigarria eman zion gero, eta Kultur Etxean segitu zuen omenaldiak. Argazkiak, prentsatik bildutakoak, txirrindulariaren palmaresa eta maillotak... Jende andana hurbildu zen ikustera. Biharamunean, 80 lagun bildu zituen martxa zikloturista egin zen, hainbat aurpegi ezagunekin. Ondotik, 150 lagun bildu ziren Zalain jatetxean egindako bazkarian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun