«Lesioak izan ditudanean ere beti lasterketa bukaera arte segitu dut»

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 18a, 14:59
TTIPI TTAPA

• Manttale Mendi Lasterketa Taldean ari da Txus Unsion beratarra. 53 urterekin sasoi betean dago eta ahal duen bitartean mendi lasterketetan segitzeko asmoa du.
• Otsailaren 23an Saharako Maratoia egin zuen eta 50 urtetik goitiko kategorian hirugarren gelditu zen. Sailkapen nagusian, berriz, 30. izan zen.
• Mendiko eta ibilbide luzeko lasterketak ditu gustuko Unsionek eta hurrengo hitzordua Zegama-Aizkorriko maratoian izanen du, 42 kilometroko luzera eta 5.400 metroko desnibela duen maratoian, hain zuzen. Luzeagoren bat egitea ere gustatuko litzaiokeela aitortu digu.

Kirola egiten aspaldi hasi zen Txus Unsion Berako korrikalaria. Baina azken urteotan lasterka ibilitzea pasio bihurtu da beretzat. 53 urte ditu eta kirola egiteko ohitura ttikitatik datorkion arren, orain zenbait urte hasi zen «serio» lasterka. «Duela zazpi bat urte modan jarri ziren mendiko lasterketak eta orduan hasi nintzen serioago». Halaxe aitortu digu.

Mendia eta ibilbide luzeko lasterketak ditu gogoko beratarrak. Ez du zalantzarik. Erran digunez, horrelakoetan moldatzen da hobekien: «lasterketa motzetan abiadura behar da eta nik ez dut. Erresistentzia da nirea eta ibilbide luzeagoak nahiago ditut». 42 kilometro inguru izaten dituzten maratoiak, adibidez. Egin duen azkena Saharakoa izan da. Duela urte batzuk Gara egunkarian izan omen zuen Saharako maratoiaren berri, eta geroztik harat joateko txirrinta izan omen du. Orain arte ez du modurik izan, baina aurten bai. Krisiaren eraginez, lana jautsi delako.

«Esperientzia polita, baina gogorra» izan dela aitortu digu Unsionek. Polita, berriz joateko gogoarekin itzuli delako, eta gogorra, hango klima eta bizi baldintzengatik. Neguak hotzak eta udak beroak dira, eta neurri batean beratarrak hango klimaren bi aldeak ezagutu ditu. «Maratoiaren aitzineko egunetan eguraldi txarra izan genuen, eta gainera sirokoa. Maratoiaren egunean, ordea, zortea eduki genuen. Baina bukaera aldaera eguzkiak gogotik berotu zuen eta haizea kontra izan genuen».

El Aaiyin herrian hasi eta Smarako errefuxiatuen kanpamentura bitarteko 42 kilometro eta 195 metroak egiteko hiru ordu, 56 minutu eta 58 segundo behar izan zituen Unsionek. Eta sailkapen orokorrean 30. gelditu zen, 50 urtetik goitikoetan, berriz, hirugarren. Ez da emaitza txarra, ez horixe. Are gehiago, maratoian 118 lagun atera zirela kontuan hartuz. Gainera, oinean mina zuela egin zuen ibilbidearen erdia. «Halere ez nintzen gelditu». Hori ere nabarmentzekoa. Orain arte atera den lasterketa guztiak bukatu ditu «lesioak izan ditudanean ere, beti bukaera arte segitu izan dut». Saharakoa izan da aurten egin duen lehenbiziko maratoia, baina 2008ko hondarrean ere bertze batean atera zen, Donostiakoan. Aipatzekoa da, joan den urtean Euskal Herriko Kopan hirugarrena izan zela beteranoetan. Adinean goiti baina sasoia ere bide beretik. Osasun arazoak tarteko, bi urte eta erdiz kirola egin ezinik egon zen, baina sendatu eta orain bi urte kirola egitera bueltatuz geroztik hobeki aurkitzen du bere burua. Etorkizunera begira segitzeko asmoa du. Eta noiz arte iraun dezake gorputzak halako martxa?«Ahal dudan bitartean», erantzun digu. Hurrengo maratoia Zegama-Aizkorrikoa izanen du. Baina baditu bertze lasterketak ere buruan: Berako Maratoi Erdia, Sarakoa... Eta luzeagoren bat egitea ere pasatu omen zaio burutik: «100 kilometro baino gehiago dituenen bat...».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun