Aitzinekoan aipatu ez genituen udal txosteneko berriekin osatuko dugu behar bezala ataltxoa.
Ur depositua
Ur depositu berrian kalteak antzeman zirenez, Udala Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri zen konponbidea emateko. Lanak egin zituen enpresak bere akatsa onartu zuen eta urtarrilean moldaketak egin zituen. Oraingoz badirudi arazoa konpondu dela, baina depositua «zorrotz» zainduko duela erran du Udalak.
Eskola zaharkitua
Erabat zahartzen ari da eskola eta aurtengo aurrekontuetan, zenbait konponketa egiteko diru partida bat erabiliko da. Hilabete honetan Nafarroako Gobernuak dirulaguntza deialdia egiten duenerako prest da eskaera eta honetarako 30.000 euro inguruko gastua aurreikusi da. Horrekin, berogailu sistema egokitu, griferia eta komunak konpondu… Halakoak egitea planteatu da.
Mendiak
Aitzineko alean, mendiko lanen inguruan, aurtengo proiektuan zein lan bildu diren ez genuen aipatu. Basartea enpresak burutu du egitasmoa eta lan hauek eginen dira: Unanu aldean landaketa berriak, Ametxoko zerrakura batzuk bildu, udako garbiketak, eskolako haurrek eta ehiztariek egiten dituzten landaketak, Mugarai alderdian larrea desbrozatu, Oilargatako pista zati batean hormigoia bota... Lan hauetako batzuk auzolanean edo herriko langileekin eginen dira. Gainerakoa Sunbillako Pako Altzuriren enpresari esleitu zaio, 24.563,54 eurotan.
Euskararen buzoia
UEMAk administrazioan euskararen normalizazioa bulkatzeko euskararen plana prestatu du eta Udalak aho batez onartu du. Dagoeneko Herriko Etxean indarrean dago eta euskararen erabileraren inguruko kexak jartzeko edo edozein ekintza zoriontzeko buzoia udal bulegoetan dago.