Aurtengo irailean 20 urte beteko dira Igantziko Abesbatzak bere lan egiteko modua aldatu zuenetik. Ordura arte parrokiako abesbatza izan zen. 1989an, Juan Bautista Iratzoki orduko apaiza eta abesbatzaren zuzendaria Leitzara joan zen, eta Isabel Lakar lesakarrak hartu zuen abesbatzaren zuzendaritza.
Abesbatzak ibilbide berri bat hasi zuen. Astero biltzen hasi zen, eta, elizako kantuez gainera, errepertorioa zabaltzen hasi zen. Ondorioz, urtean zehar egiten diren meza nagusienetan kantatzeaz gainera, hainbat kontzertu emateko aukera sortu zitzaion, herrian nahiz kanpoan. Eta, bide horretan, inguruko abesbatzekin harremanetan jartzeko aukera izan du.
Abesbatzak egindako bidea eta lana kontuan hartuta, urteurren hori ospatzea erabaki du, lagun izan dituen honako abesbatzekin batera: Betelukoa —gaur egun Juan Bautista Iratzokik zuzentzen duena—, Lesakakoa, Berakoa eta Giltzarri. Ekitaldi nagusia abenduaren 19an izanen da, eta bertan abesbatza horiek Igantzikoarekin batera arituko dira.
Beteluko eta Berako abesbatzen saioak
Urtean zehar aipatutako abesbatzak Igantzin kontzertu bana eskainiko dute. Lehena Beteluko Abesbatza izanen da; larunbatean, martxoak 21, kontzertu bat eskainiko du Igantziko elizan. Lehenik, meza kantatuko du, eta ondotik, 20:30ean, kontzertua eskainiko du. Guztira hamar kantuko errepertorioa ekarriko du Bautista Iratzoki zuzendariak, nagusiki kantu herrikoiez osatua.
Ondoko larunbatean, martxoak 28, Berako Abesbatza etorriko da. Lehenik, meza kantatuko du, eta ondotik kontzertua eskainiko, elizan. Hortaz, hitzordua 20:00-etan izanen da.
Gainerako ekitaldiak
Ekainean Lesakako Abesbatzaren kontzertua izanen da, eta urrian Giltzarri abesbatzarena. Baina, kontzertuez gainera, Igantziko Abesbatzak urteurrena ospatzeko bertzelako proposamenak ere baditu. Errate baterako, ekainaren 6an, egun bateko irteera antolatuko du Arabako Errioxa aldera. Bodegetara bisitaldi bat egin ondotik, horietako batean bazkaria eginen da.
Azoka
Kontzertuak antolatzeko gastuak ordaindu ahal izateko, abesbatzak datorren maiatzaren 1ean azoka antolatzea aurreikusi du. Duela bi urte Euskara Batzordeak herriko maparen gastuak finantzatzeko egin bezala, etxez etxe bildutako produktuekin merkatu bat eginen da, eta hortik biltzen den dirua ekitaldiak finantzatzeko erabiliko da. Laster abesbatza herritarrekin harremanean jarriko da, eta azoka honetan zer aportatzen ahal duten eta zertan laguntzen ahal duten azalduko die.