A.A. Otsailaren 27an egin zen Beti Gazteko Batzar Nagusian iazko ekitaldiak eta kontuen balantzea aurkeztu zen. 8.806 euroko defizita izan zuen iaz Beti Gaztek, 92.455 euroko sarrerak eta 101.262 euroko gastuak izan baitzituen. Aurten igoera nabarmena izanen duen aurrekontua ere onartu zen. Mastegi futbol-zelaian egiten ari diren aldageletako lanetan 120.000 euro inguruko inbertsioa egin beharko da eta Beti Gaztek, Nafarroako Kutxaren Zuk aukeratu, zuk erabaki kanpainan sartu du proiektua. Beraz, denera, 189.300 euroko aurrekontua izanen du Beti Gaztek. Gastu gehiena, 163.000 euro, futbolak eraginen du, tartean aldagelako lanak daudela. Diru-sarrera nagusia ere futboletik dator, 143.000 euro. Aurten egin beharreko ekitaldiei dagokienez, iaz berreskuratu zen mendi bizikleta aurten ere eginen da irailean eta futbol eta herri kirol taldeek bere konpetizioekin segituko dute. Aipatzekoak dira mendi taldeak egiten dituen ateraldiak ere. Mendi taldeko kideek, herrian barna igarotzen den GR11 ibilbidea markatu dute, San Antonetik hasi eta Etxalarko zenbait zati arte.