Igerilekuko mailegu eskaeran izan duen jarrera zehaztu nahi izan du PNVk

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 18a

Nafarroako Kutxarekin sinatu da azkenean eta PNVko zinegotzi baten botoa beharrezkoa izan da

Aitor AROTZENAIgerilekuko lanak ordaintzeko Udalak eskatu duen maileguaren inguruan bere jarrera zehaztu nahi izan du PNVk eta mailegua eskatzearen beharra hasieratik argi ikusi dutela adierazi du, «aurrekontu zorroztasunik ez dagoela salatzeaz gain, argi dugulako herriaren onura eta aisia kasu honetan salaketa politikoaren gainetik dagoela». Hortaz, argi aipatu dute mailegua ahalbidetzea eta ez oztopatzea dela beraien nahia, eta halaxe erran zuten urtarrilaren 23ko plenoan ere, «mailegua onartu eta lana ordainduko ez balitz, kalkula ezin daitekeen ondorioak izan ditzaken epaitegietako konfliktoan sartzeko arriskua dagoelako».

PNVren ustez, lehen ondorioa instalazioen itxiera izanen litzateke eta erabiltzaileek jasan beharko lukete, «arazoaren sorreran inolako zerikusirik izan gabe». PNVk bere ezinegona adierazi nahi izan zuen batzar hartan, «gastu batzuk aurrekontu-zorroztasunik gabe ordaintzen direlako eta egoerarekin ados ez gaudelako». Halere, maileguaren eskaera onartzeko beharrezkoak ziren botoak emateko prest agertu zen. Batzarrean, PNVren aldeko bozkarik ez zen behar izan erabakia hartzeko. Hortaz, «salaketa aurrera eramatearren, proiektua kolokan jartzeko arriskurik ez zegoela jakinda», ezezko bozka eman zuen. Baina Udalak azkenean ezin izan du sinatu mailegurik Euskadiko Kutxarekin, eta bertze aukerari heldu eta Nafarroako Kutxarekin egin du. Aldaketa hori gauzatzeko bozketa egin behar izan zen berriz ere otsailaren 27an. Onineko zinegotzi bat falta zenez, PNVk beharrezkoa zen aldeko bozka hori eman zuen eta bertze lau zinegotziek kontrako botua mantendu zuten, protesta eta salaketa moduan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun