«Ulertu gabe ez deus sinatzeko errepikatzen diet kontsumitzaileei»

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 18a, 15:49
Mikel BEZUNARTEA Iratxe Kontsumitzaileen Elkartea TTIPI TTAPA

«Batetik, argindarraren legean izan den aldaketa, eta bertzetik, urtarrilean prezioak garestitu zirela eta negua hotza izan dela kontuan hartuz, erreklamazio aunitz izan ditugu»

• Mikel Bezunartea Iratxe Kontsumitzaileen Elkarteko teknikariak urteak daramatza eskualdean lanean: 15 urte Baztan eta Leitzan eta bizpahiru Bortzirietan eta Bertizaranan.
• Bortzirietara hilabeteko lehen eta hirugarren asteko ortziraletan etortzen da; Baztanera bigarren eta laugarren asteko ortzegunetan; Leitzara lehen eta hirugarren asteko asteazkenetan eta Bertizaranara bi hilabetean behin. Ordua aitzinetik hartu behar da: Bortziriak, Baztan eta Leitzan 012ra deituta eta Bertizaranan udaletxera deituta.

Zerk kezkatzen ditu batez ere hemengo herritarrak?

Kontsumitzailearen mundua arrunt zabala da baina erreklamazio kopururik altuena telekomunikazioen ingurukoa da, Internet eta telefono zerbitzuei buruzkoa. Horien ondotik, paretsu, aseguruak eta etxebizitzaren alorrak datoz. Hirugarren mailan, banku eta aurrezki kutxen gaineko erreklamazioak daude, eta etxez etxeko zerbitzuak gero, etxez etxe ibiltzen diren margolari, igeltsero, elektrizista eta abarrei buruzkoak.

Zein dira alor horietako problemak?

Telefonoekin, batez ere alta eta baja eskatzeko kontuek sortzen dituzte kexarik gehien. Ez digute kontratu idatzirik egiten eta zerbait eskatuta konpainiak ez du onartzen. Sakelekoen kasuan publizitate eraso bortitza egiten da eta arront merke eskaintzen dituzte sakelekoak, baldin eta konpainian irauteko kontratua firmatzen badugu eta horrekin lotuta erreklamazioak izaten dira. 905 eta 806 zenbakien tarifak tarteko ere izaten dira kexak, baita zerbitzuen kalitateari buruz ere. Interneten kasuan, abidura jakin bat kontratatu eta murritzagoa emateak ere erreklamazioak eragiten ditu, edo zerbitzua mozteak. Etxebizitzaren inguruan salerosketek sortutako erreklamazioak izaten dira batez ere, eta aseguruei dagokienez, gisa guzietakoak, erosten ditugun gauza aunitzek aseguruak baitituzte: kotxeak, etxeak, bidai-aseguruak...

Argindarraren fakturan aldaketak egin dira eta Iberdrola faktura bi hilabetetik behin bidali ordez, hilabetero bidaltzen hasi da…

Duela gutti arte zerbitzu horiek guztiak publikoak ziren, baina pribatizatu egin ziren eta geroztik, erreklamazio kopurua aunitz igo dela nabaritu dugu. Argindarraren kasuan, orain arteko erreklamazio gehienak enpresak kobratzen zuenarekin edo egiten zuen irakurketarekin jendea ez zegoelako gustura izaten ziren. Orain legea aldatu da eta faktura hilabetero bidaliko dute, baina irakurketa bi hilabetean behin eginen dute. Kobratzerakoan, hilabetean behin estimazio bat eginen dute, iazko epe berean izandako kontsumoaren araberako estimazioa eginez. Bigarren hilabetean, berriz, kontagailuan begiratuko dute.
Aldaketa hori batetik, eta bertzetik, urtarrilean prezioak garestitu zirela eta negua hotza izan dela kontuan hartuz, erreklamazio aunitz izan ditugu. Kontzeptu berriak ere agertu dira fakturetan eta jendeak ez ditu ulertzen. Horrez gain, kontagailuak ongi funtzionatzen ote duen ala ez ere zalantzan jartzen hasi da jendea.

Zer egin daiteke fakturak ongi dauden konprobatzeko?
Edozeinek bere kontagailuari errepara diezaioke, fakturetan agertzen dena eta kontagailuan dagoena ea bat datozen ikusteko. Gure automatikoak itzali eta kontagailua mugitzen den ala ez ere begiratzen ahal dugu, elektrizitate galerarik ote dagoen ikusteko. Horrez gain, kontsumoa justifikatua ez dagoela uste badugu, elektrizista bati erraten ahal diogu, edo kontagailuaren errebisioa eska dezakegu.

Gaizki dagoen fakturarik aurkitu duzue?
Pilatutako kontsumoarekin zenbait faktura ikusi ditugu. Nahiz eta legeak erran, konpainiak bi hilabetetan behin irakurketa egin behar duela, gertatu da joan den urte osoan irakurketa hori ez egin eta beranduago egitea, eta horrekin kontsumoa pilatua izatea. Gainera, prezioa garestitu dela kontua hartu behar da eta prezio berrietan oinarrituz pasatu dute faktura.

Gasa ere kezka iturria al da?

Bai, batez ere Bortzirietan. Gas instalazioaren azterketek eta mantenu zerbitzuek eragiten dituzte erreklamazio gehien. Bortzirietan, mantenu zerbitzua eskasa da, eta kontratatutako zerbitzuek ez diete arazoei erantzun.

Nolako jendea etortzen zaizu batez ere bulegora?
Kontuan hartu behar da gure zerbitzua goizez eskaintzen dugula eta beraz, goizetan modua duena etortzen da. Inguru honetan batez ere emakumea egoten da etxean eta erran genezake emakume gehiago etortzen dela. Adin tarteari dagokionez, ez gazteak, ez adinekoak, tartekoak etortzen dira. Baina bakoitzaren kezkak diferenteak dira. Jende helduak etxeko kontuekin etortzen dira eta gazteak, berriz, bidaia, Internet, autoa…

Nabaritzen duzue gero eta jende gehiago etortzen zaizuela?
Egia errateko bai, bulegoetako orduak hartuak daude. Ordua aitzinetik eskatu behar da eta tenorez hartuak egoten dira. Zer garen eta gure zerbitzua zein den erakusteko lan egin behar da baina lortu dugula uste dut, eta orain lan dezente egiten dugu.

Zein da kontsumitzaileei gehien errepikatzen diezun aholkua?

Ulertu gabe ez deus sinatzeko. Saltzailea saltzailea da eta bere helburua argia da: saltzea. Kontsumitzaileok gure ardura ere badugu. Gure aitatxi-amatxiengandik gureganako tartean, kontsumoari dagokionez trantsizio bat egon da. Eurek gutti kontsumitzen zuten, eta guk, berriz, aunitz. Trantsizio garai horretan, legeekin kontsumitzaileak babestu dira, baina azken urteotan kontsumitzaileok ere gure ardura badugula erraten ari dira. Informatu egin behar dugu, ulertu eta sinatzeak zer dakarren jakin, publizitateak nola jokatzen duen ohartu... Ez dute inoiz egia osoa erraten eta beraz, erne ibili beharra dago. Edozein zalantza izanez gero, konfidantzako bati galdetu behar zaio, eta ez saltzaileari. Aurrekontu, faktura eta kontratuek ere berebiziko garrantzia dute eta ongi gorde behar dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun