Berako Funvera lantegiko langileen batzordeak enpresak dituen intentzioen berri eman du eta etorkizunerako mobilizaioak iragarri ditu. Langileen batzordea osatzen duten ELA eta LAB sindikatuetatik jakinarazi dutenez, “2008an inoiz ez bezala lan egin dugu, asteburuak eta besta egunak barne eta orain, urritik aitzinera erabat kontrako egoera batera ailegatu gara: lehenik, azarotik gaur egunera arte, 188 langileri eragin dien 58 eguneko kontratu etenaldia suposatu duen ERE edo Enplegu Erregulazio Espedientea aurkeztu zuen enpresak eta, horretaz gain, epe horretan, 50 langile ebentual baino gehiagoren kontratuak ez dira berritu”. Hori gutti ez balitz, enpresak Nafarroako Gobernuari bertze ERE bat aurkezteko asmoa duela azaldu die langileei martxoan. Enpregu Erregulazio Espediente honek langile guziei eraginen lieke, 152 egunez apirilaren 14tik urte akabaila arte. 48 kontratu finko eteteko asmoa ere azaldu du enpresak.
Langileek mobilizazioak iragarri dituzte
Funverako langileak bildu egin ziren eta langileen batzordetik egindako proposamenarekin bat egin zuten. Honela, ez dute kaleratze bakar bat ere onartuko eta EREa erretiratzea eskatzeko egokiak iruditzen zaizkien mobilizazioekin hasiko dira. Langileen batzordearen erranetan, “azkeneko urteetan egoera ekonomikoa arras ona izan da enpresarentzat, milioi aunitzetako irabaziekin, baina salmentak jautsi direnean, ez du deus ere bera gain hartu eta jautsiera horren ondorio guzien zama guzia langileen bizkar utzi du”.
Espedientea ez onartzeko eskaria Nafarroako Gobernuari
Duela gutti arte Nafarroako Gobernua zen Funveraren jabeetako bat. Orain, Nafarroako Gobernuak berak, honelako basakeri bat egitea ez onartzeko bere esku dagoen guzia eginen duela jakinarazi du enpresa batzordeak. “Ez dugu onartuko berriz ere, Funvera gaur egun dena izatea eta iritsi den lekura iristea posible egin duten langileak zanpatzea” dio bere idatzian langileen batzordeak.