Urtarrilean akautu ziren Lesakan San Martin elizako teilatua berritzeko lanak. Kaperan, Seroraren etxean eta parrokiko zentroan egin diren lanekin batera 273.575 gastuak eragin ditu. Diru-sarrerak berriz, 108.550 eurokoak izan dira, 48.880 euro lesakarren emarien bitartez; 35.600 euro parrokiak berak paratu du, tanatorioko lurren salmentatik gelditzen zen dirutik eta 24.070 euro Nafarroako Kutxaren “Zuk aukeratu, zuk erabaki” kanpainaren bidez lortu dira. Teilatuko lanak Irungo enpresa batek egin baditu ere, bertze hainbat 25 bat erretiratuk egin dituzte borondatez: ezkildorreko gurutzea konpondu, Seroraren etxean katekesia emateko eta bilerak egiteko aretoa egokitu, etxe inguruko saneamendua… Ezkildorreko gurutzea konpontzen Pedro Lanzek egin ditu arotz lanak eta Joxe Irigoienek margoketa lanak, baina gurutzea kendu, eraman eta bertze lanetarako hainbat laguntzaile izan dituzte. Denei eskerrak eman nahi izan dizkie Pedro Laskurain apezak. Otsailaren 15ean, meza ondotik, teilatuaren eta aretoaren inaugurazioa egin ziren eta azken hau bedeinkatu ere egin zuten. Otsailaren 19an, bazkariak egin zuten San Fermin erretiratuen elkarteak.
Ezkildorrea konpondu nahi dute orain
Orain, ezkildorrea konpontzeko proiektuari ekin nahi diote, 65.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Egoera kaxkarrean dago ezkildorrea eta kanpoaldea eta kupulako zikinkeriak garbitzeaz gain, harriak zartatuak dituenez itoxurak ere konpondu nahi dira. Barreneko eskalaren egitura ere moldatu nahi da eta horretarako zura eta burnia lortu nahi ditu apezak. Hori dena egitea lortuko balute, erlojua bera moldatzea geldituko litzateke. Honela, Pedro Laskurain apezak dioen bezala, “Lesakako eraikin artistiko garrantzitsuena, kanpotik behinipein, erabat txukundua geldituko litzateke”.