Badira urte batzuk ia urtero antolatzen dela Arantzan Mozorro Besta. Inauterietan protagonista eta antolatzaile diren Mozorro Zuriek lotzen dute eguneko egitaraua. Ederki pasatu ziren inauteriak, balorazio hagitz positiboa egin zuten Arantzako gazteek eta horrek ere animatuta, larunbaterako, martxoaren 14rako ospakizuna prestatu dute. 17.00etan haurrentzako tailerrak izanen dira. Meza ondotik, azken urteetan ohikoa bihurtu den herri kirol saioa antolatu dute mozorroek.
Bertso-afaria Legarreta eta Irazurekin
Arratsean, bertso-afaria izanen da, inauterietan ere herrian izan ziren Xabier Legarreta eta Jexux Mari Irazu bertsolariekin. Aurtengo mozorro besta bukatzeko, Herriko Etxeko gorapean dantzaldia izanen da Salaberrirekin.