Inmigrazioari buruzko lehiaketako saridunak jakinarazi ditu Bortzirietako Gizarte Zerbitzuak

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 11a, 11:26

Berako Jesusen Bihotza, Etxalarko Landagain eta Lesakako Tantirumairu ikastola eta Irain eskolako ikasleek hartu dute parte

Hamarretik Zortzi izenburupean, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Etorkin programatik inmigrazioari buruzko ipuin eta marrazki lehiaketa antolatu zuen joan den urte akaberan. Hain zuzen, hamarretik zortzi %80a da Munduan pobrezian bizi den haurren kopurua eta hortik dator lehiaketaren izenburua. Lehiaketaren helburua, haurrei bertze errealitate bat hurbiltzea da, irakasleen laguntzaz hausnarketa edo ezagutza berri batetara hurbildu eta ikastetxeei material didaktiko bat helarazi, beraiek bertze arlotan lan dezaten. Izan ere, “iturria ireki eta ur irtetea edo etengailua sakatu eta argia piztea oso gertaera arruntak dira hemen, gu bizi garen herrian, baina guztiz ezezagunak dira, ostera , munduko beste leku batzuetan bizi diren ume asko eta askorentzat",

Marrazki eta ipuin lehiaketak

Azaroaren 17tik abenduaren 17ra ireki zen lehiaketa eta orain, berriz, sariak banatu dituzte. Etxalarko Landagain eskola, Lesakako Tantirumairu Ikastola eta Irain eskola publikoa eta Berako Jesusen Bihotza ikastetxeko ikasleak izan dira parte hartu dutenak eta Mankomunitatetik eskerrak eman nahi izan dizkiete. Bi kategoriatan banatuta, 7 urtetik beheitikoek marrazki lehiaketan parte hartu dute eta 8-12 urtekoek ipuin lehiaketan. 7 urtetik beheitikoetan, Iker Telletxea (Jesusen Bihotza) izan da irabazlea; bigarren, Arnaldo Vicente (Landagain); hirugarren Iñaki Prieto (Irain); laugarren Aritz Otxoteko (Irain); bosgarren Jone Etxalar (Jesusen Bihotza); seigarren Anai Rath (Landagain).
8-12 urte bitartekoen ipuin lehiaketa, lehen saria Amaia Leizarentzat izan da (Tantirumairu); bigarren Johanna Ramirez gelditu da (Irain); hirugarren Goiatz Jauregi (Landagain); laugarren Jaione Telletxea (Tantirumairu); bosgarren Miren Telletxea (Jesusen Bihotza) eta seigarren Idoia Irazoki (Irain).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun