Udal igerilekurako mailegu eskaerarekin izandako jarrera zehaztu du Lesakako PNVk

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 11

Bere nahia mailegua "ahalbidetzea eta ez oztopatzea" zen eta aitzinera egiteko botuak emateko prest agertu da beti

Lesakako EAJk igerilekuko lanak ordaintzeko udalak eskatu duen maileguaren inguruan bere jarrera zehaztu nahi izan du. Lehenik eta behin, argi adierazi nahi du PNVko udal taldeak hasiera hasieratik argi izan duela mailegua eskatzearen beharra, “aurrekontu zorroztasunik ez dagoela salatzeaz gain, argi dugulako herriaren onura eta aisia kasu honetan salaketa politikoaren gainetik dagoela”. Hortaz, argi adierazi zuten beti mailegua ahalbidetzea eta ez oztopatzea zela beraien nahia, eta halaxe adierazi zuten argi eta garbi urtarrilaren 23ko plenoan ere, “mailegua onartu eta lana ordainduko ez balitz, kalkula ezin daitekeen ondorioak izan ditzaken epaitegietako konfliktoan sartzeko arriskua dagoelako”.

“Ordaindu ezean, irekitzeko lizentziarik gabe”

PNVren ustez, lehen ondorioa instalazioen itxiera izanen litzateke “irekitzeko lizentziarik gabe daudelako eta hori ezin daitekeelako eskuratu obra bukaerako ziurtagiria lortzeko gastuak ordaindu gabe”. Modu horretan, ondorioak erabiltzaileek jasan beharko zituztela uste zuen PNVk, “arazoaren sorreran inolako zerikusirik izan gabe”. PNVk bere ezinegona adierazi nahi izan zuen batzar hartan, “legealdi honetan gastu batzuk aurrekontu-zorroztasunik gabe ordaintzen direlako”, baina halere “ardura haundiz jokatuz”, maileguaren eskaera onartzeko beharrezkoak ziren aldeko botuak emateko prest zegoen PNV, “herritarrek arazorik izan ez dezaten, baina horrek ez du erran nahi egoerarekin eta erabiltzen ari diren prozedurekin ados gaudenik” Batzar hartan, PNVren aldeko bozkarik ez zen behar izan erabakia hartzeko. Hortaz, “salaketa aurrera eramatearren, proiektua kolokan jartzeko arriskurik ez zegoela jakinda”, ezezko bozka eman zuten.

Azkenean Nafarroako Kutxak eman du mailegua eta PNVren botua behar izan da

Aldiz, gauzak ez dira atera aurreikusi bezala, eta Lesakako Udalak azkenean ezin izan du sinatu mailegurik Euskadiko Kutxarekin. Hortaz, beste aukerari heldu dio, hau da, Nafarroako Kutxarekin sinatu du. Aldaketa hori gauzatu ahal izateko bozketa egin behar izan zen berriz otsailaren 27ko batzarrean, eta orduan Udal Taldeko zinegotzi baten falta zuten Oninek eta EAk. Gauzak horrela, EAJk beharrezkoa zen aldeko bozka hori eman zuen, aipatu bezala, proiektua ahalbidetzea baitzen lehentasuna. EAJko bertze lau zinegotziek kontrako botua mantendu zuten, protesta eta salaketa moduan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun