Lesakako Osasun Zentroak antolatuta Ezintasunari buruzko hirugarren Jardunaldiak eginen dira martxoaren 11n, asteazken arratsaldeko 17:30etik 20:00etara, Antoiu 27ko udal aretoan. Prematuritatea edo helduarrekotasuna izanen da hizpide nagusia eta horretaz gain, atentzio goiztiarraz eta ezintasunaz ariko dira Nafarroako Gobernuko atentzio goiztiarreko taldekoak eta Jendarte Zerbitzuetako, Toki-Ona institutuko, ANFASeko eta ASPACEko ordezkariak. Antolatzaileek aipatu dutenez, haurtzaindegi zerbitzua ere izanen da.
Sei solasaldi
Ordubete inguruan, sei aurkezpen eginen dira: Maria Jose Eizmendi, atentzio goiztiar zentruko errehabilitazio medikuak “Helduaurrekotasuna” izanen du hizpide; Cristina Arregi, Atentzio Goiztiarreko zuzendariak atentzio goiztiarrari buruzko solasaldia eskainiko du; Rosa Mutuberria, Berako Ricardo Baroja ikastetxe publikoko orientatzaileak “Hezkuntza eta ezintasuna” izanen du solasgai; Beatriz Oiartzabalek eta Oihana Abuinek, Anfaseko psikologak eta logopedak “Anfas eta ezintasunaz” ariko dira; segidan, Aspacek aisialdirako Bortzirietan prestatzen dituen ekitaldien arduradunek, Irati Lujuak eta Naiara Aldazabalek “aisialdia eta denbora libre egokitua” aurkezpena eginen dute eta akautzeko, Alicia Sagasetak, Bortzirietako Oinarrizko Jendarte Zerbitzuen langileak, “Oinarrizko Jendarte Zerbitzuak eta ezintasuna” gaia landuko du.
Mahaingurua eta galdera-erantzunak
Segidan, helduarrekotasunari buruzko mahaingurua eginen dute, Belen Compains, Lesakako Osasun Zentruko pediatrak aurkeztua eta gidatua eta jardunaldiak akautzeko, galdera-erantzunen txanda izanen da.