Baserrietako posta zerbitzuan aldaketak egin nahi ditu Gobernuak

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 10a, 12:45

Zenbait etxebizitzetako buzoiak toki batean elkartu nahi ditu

Nafarroako Gobernuak aldaketak egin nahi ditu posta zerbitzuaren banaketan. Oraindik aldaketa behin betikoa ez bada ere, dagoeneko zenbait Herriko Etxetara jo du Gobernuak postaren banaketa nola ezarri nahi duen adierazteko. Ttipi-Ttapak hartzen duen eremu gehienean, baserrietarako posta astean bizpahiru egunetan banatzen da. Postaria ez da egunero-egunero joaten baserrietara, baina etxera bertara joaten da eskutitzak eramatera.

"Salbuespen kasuetarako"

Nafarroako Gobernuak, ordea, 2000. urtean orain arteko banaketa sisteman zenbait aldaketa egitea onartu zuen, posta entregatzeko hainbat mota arautu zituen: posta-bidalketak, kasillero edo kutxatilategien bidezko banaketa, etxeetara eramanez, eta posta-kutxatiletan edo bulegoetan banatuz. Horrez gain, eta aipatutako bideekiko salbuespen gisa, araudi horretan posta entregatzeko bertzelako xehetasun bat ere ageri da eta horrek «inguru berezietan edo salbuespen kasuetan» posta nola banatu behar den jasotzen du. Salbuespen kasuetarako hauxe dio araudiak: «ohiko posta ez da etxez etxeko zerbitzuarekin banatuko, hainbat etxebizitzetako posta bilduko lukeen kasilleroak edo kutxatilategiak erabiliz baizik». Araudi horren arabera, posta ez litzateke baserrietara eramanen, inguruko zenbait etxebizitzetako posta puntu jakin batean utziko litzateke, hor egonen litzatekeen kasilleroan. Dena den, araudiak posta egunero banatzea aurreikusten du.

Bera eta Etxalarko alkateak erabakiaren kontra

Hain zuzen, gure eskualdea salbuespen kasua dela iritzita egin nahi du aldaketa Nafarroako Gobernuak eta, bertzeak bertze, Etxalar eta Berako Udalarekin harremanetan jarri da. Bi herri hauetako alkateak, ordea, erabaki horren kontra daude eta orain arteko zerbitzuarekin segitzea nahi dute: posta baserrietaraino eramatea. Patxik Irisarri Etxalarko alkateak Ttipi-Ttapari adierazi dionez, «herriak elkartu eta zerbait egiten hasi beharko dugu». Ordenantzak dioenez, «inguru berezian» daudenak «etxebizitza isolatuak edo sakabanatuak» dira, hau da, «zerbitzu publikoek erabili ohi duten bide publikoetatik 250 metro baino gehiagora daudenak». Beraz, araudi horren arabera, gure eskualdeko edozein baserri «etxebizitza isolatua edo sakabanatua» izanen litzateke.

Aldaketa bertze tokietan ere

Nafarroako bertze eremuetan ere hasia da Gobernua aldaketa honen berri ematen. Hala nola, Luzaiden.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun