Zalain industrialdean "posible zen soluzio onena" onartu du Berako Udalak, auzotarren adostasunik gabe

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 10a

Zalaindarren ustez, udalak ez du irizpide propiorik izan auzoa defenditzeko eta bat egin du promotorearekin

Zalaindarrak ez daude gustura, auzoan egiten ari diren industrialdeak 1990etik erabiltzen zuten biderik gabe utzi dielako, baina Berako Udalak bizilagunen nahiak ezin ditu gogobete, “eskuak loturik” omen dituelako. Auzotarrak hasieratik arduratu dira, auzoa industrialdetik bereizten duen bidea eta auzorako sarbidea izan dena, nabe berriekin desagertzen ikusi zutelako. Gaiarekin bueltaka ibili ondotik, azkenean, auzotarrek euren bidea izanen dute, bai, eta industrialdea eta auzoaren artean berdegune ttikia ere bai, baina ez eurek, ezta udalak berak nahi adinakoa. Erabakia otsailaren 26ko plenoan hartu zuen Berako Udalak ahobatez.

Bidea auzotik ateratzeko bakarrik

Erabaki berri honekin, auzotarrek aurkeztu dituzten alegazioek aitzinera egiten ez badute, nabeak zenbait etxetatik hurbil geldituko dira, Arrondo etxearen gain gainean, errate baterako. Horretaz gain, auzotarrentzako bidea estua izanen da, 3 metro eskasekoa eta auzotik ateratzeko bakarrik erabili ahal izanen dute. Gainera, afera abokatuen eskuetan duten Zalaingo bizilagunen erranetan, bide hori ez dago industrialdetik bereizia, koxka bat bertzerik ez dago tartean eta kamioiek nabe batzuetara sartzeko maniobretan erabili beharko dute, nahitaez. Baina hauxe izan da otsailaren 26an Berako Udalak ahobatez onartu behar izan zuen aterabidea, promotoreak xehetasun azterlana ez onartzeko udalak aitzinetik hartua zuen erabakiaren kontra aurkeztutako errekurtsoari, zati batean, arrazoi emanez.

“Komenio-tranpa onartua zen”

Josu Iratzoki alkateak aipatu zuenez, hori izan da gelditu zaien soluzio bakarra. “Ez da hoberena, udala lotua zegoen lehengo erabakiengatik, saiatu da bizilagunena ahalik eta gehiena konpontzen eta honaino ailegatu da”. Aralarko Marisol Tabernak ere onartu zuen arazoa ez dela moldatu, “nahiz eta saiatu egin, bizilagunekin adostasuna ez da lortu. Komenioa onartzerakoan hanka sartu zuten, komenio-tranpa izan zen. Horregatik, hasitakoak hona ekarri du egoera eta ez dago beste irtenbiderik”. EAko Helena Santestebanek kontzientzia lasaia zuela aipatu zuen, izan ere, “erraza da udalari errua botatzea, denak saiatu ziren hoberena egiten, Udala beti ados egon da”. Modu berean, administrazio-egintzetan arduratsu eta kontsekuente izan behar dela gogoratu zuen eta “txosten juridiko eta Udalaren egoeraren arabera gehiena lortu da eta posible izan balitz gehiago”. Zalaindarren ulermena eskatu zuen eta poligonoa garatzerakoan neurri zuzentzaileak jarriko direla gogoratu zuen: “Egindako egintzei jarraitu behar zaie eta posible zen irtenbide txarretatik hoberena lortu da”. PNVko Santi Altzugurenek aipatu zuen gaia lehenagotik heldu dela eta egin diren akatsak udalaren eta bizilagunen artean banatu zituen, “hauek prozeduretan ez baitute kasurik egin. Egiten da ahal dena eta ez nahi dena”. Helena Santestebanek zehaztu nahi izan zuen espediente hau legealdi honetakoa dela, “lehenbiziko erabakia bidea aldatzekoa izan da, 2007ko uztailekoa” eta Josu Iratzoki alkateak auzoa kaltetua suertatu dela onartu ondotik, bere egoera hobetu beharko dela aipatu zuen.

«Babesgunerik gabe»

Aipatu bezala, bizilagunak ez daude konforme eta auzibidean segitzekoa asmoa dute, udalaren erabaki honen kontra errekurtsoa paratuz. Jose Juan Lanzen erranetan, “bideak ez du industrialdearekiko bereziketarik suposatzen, bide horren gainean ibiliko direlako industrialdeko kamioiak maniobrak egiteko, eta zamak jaso eta jeisteko lanetan ere bidearen gainean aritzen ahalko dira. Bidea norabide bakarrekoa izanen da auzotik ateratzeko eta oso meharra. Auzora sartzeko nabeen artean ibili beharko da derrigorrez”. Berdegunea promotoreak bere hasierako proiektuan ezartzen zuena baino ttikiagoa dela gogoratu dute auzotarrek, “nahiz eta hura ttikia izaki, erran nahi da, ia-ia ez dela berdegunerik. Zein babesgune eraikitzen ahal da azalera minimo horretan?”

“Auzoa defenditzeko irizpide propiorik ez”

Berako Udalak gelditu zaion soluzio bakarra hau dela dio, baina zalaindarrak ez daude ados, “uste dugu Udalak irizpide propioak ez dituela izan auzoa defendatzeko, eta bat egin du promotorearekin alineazio berriak jartzerako orduan, hartu berri duen erabakian”. Bizilagunen arabera, 2007an Udalak eta promotoreak sinatu zuten hitzarmenarekin, Berako Hirigintza Plana aldatu nahi zuten, “eta orain hartu berri duten erabaki honekin, hori lortu dute, eta Udala makurtu egin da promotoreak markatzen duen alineazioa onartu arte. Horregatik hurbiltzen dira nabeak hainbeste auzora. Eta dokumentuak baditugu hori frogatzeko”. Hitzarmenarekin jarraituz, ez dute ulertzen zergatik sinatu zuen Udalak, promotoreari hainbeste eskubide ematen dion eta auzoarentzat hain kaltegarria zen hitzarmena. Bestalde, beraien ustez, eremuaren lurzorua sailkatzean, “Udalak esparruaren %10 eskuratzeari uko egin dio. Eta herriak asko baino gehiago galdu du sailkatze honekin”. Bukatzeko Berako Hirigintzako Udal Planak eremu honetan eraikitzeko baimena duen zoluaren azalera asko haunditzen da hitzarmena sinatu eta gero, zalaindarren ustez. Gai honekin gauzak ez dituzte argi ikusten eta Auzitegiari zuzenduak eta helegiteak jarrita daudela aipatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun