Joan den ortziralean egin zen Lesakako Beti Gazte elkarteko batzar nagusira 20 bat bazkide bildu ziren. Joan den urteko batzarreko akta onartu ondotik, 2008an egindako ekitaldiak eta kontuen balantzea aurkeztu zen. 8.806 euroko defizita izan zuen iaz Beti Gaztek, 92.455 euroko dirusarrerak eta 101.262 euroko gastuak izan baitzituen. Segidan, igoera nabarmena izanen duen aurtengo aurrekontua eztabaidatu zen.
Mastegiko aldagelen lanak
Mastegiko futbol zelaian egiten ari diren aldagelen eraginez izanen da aurtengo igoera hori. Zehazki, lan hauen aurrekontua 120.000 euro ingurukoa da eta Beti Gaztek, Nafarroako Kutxaren “Zuk aukeratu, zuk erabaki” kanpainaren barnean sartu du proiektua, nahi duten bazkideek eta laguntzaileek aukera dezaten. Beraz, denera, 189.300 euroko aurrekontua izanen du aurten Beti Gaztek. Gastu gehiena, 163.000 euro, futbolak eraginen du, tartean aldagelako lanak daudela. Dirusarrera nagusia ere futboletik dator, 143.000 euro.
Urteko ekitaldiak
Aurten egin beharreko ekitaldiei dagokienez, irailean mendi bizikleta itzulia eginen da, Mastegin benjamin eta alebin mailako futbolariei zuzendutako txapelketarekin segituko da eta nola ez, futbol talde ofizialen konpetizioekin. Sei talde ditu gaur egun Beti Gaztek, lau Gipuzkoako ligan (1. Mailako Erregionala, Ohorezko mailako jubenilak, lehen mailako kadeteak eta emakumezkoen ligakoak) eta bi Nafarroakoan (lehen mailako infantilak eta futbol-7an ari diren neska kadeteak). Aipatzekoa da mendi taldeak egiten dituen ateraldiak ere. Horretaz gain, mendi taldeko kideek, herrian barna igarotzen den GR11 ibilbidea markatu dute, San Antonetik hasi eta Etxalarko zenbait zati arte. Orain, ibilbide laburragoak ere seinalizatzeko asmoa dute.
Aldaketarik ez zuzendaritza batzordean
Zuzendaritza batzordean ez da aldaketa handirik eta Salvador Yancik segituko du presidente. Diego Ruiz de Garibay eta Bixente Igartzabal dira presidente ordeak, Modesto Maia eta Cañi Zayas idazkariak, Ana Errandonea diruzaina, Jesus Mari Zapirain eta Diego Ruiz de Garibay mendi saileko arduradunak, Beñardo Iantzi eta Joxemi Maritxalar txirrindularitzakoak, Jose Antonio Mujika herri kirolekoa, Angel Caballero egoitzakoa, Juanjo Guerrero prentsakoa eta Javier Oiartzabal web-orrikoa.