Zuhaitzaren Eguna ospatu zuten igandean Beran

ttipi-ttapa 2009ko martxoaren 3a

Kuadrilla ederra bildu zen Lizuniagan, Zuhaitzaren Egunean parte hartzera. TTIPI TTAPA

Ehiza eta Arrantza elkarteak antolatzen du, Berako Udalaren laguntzaz

Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteak, Udalaren laguntzaz antolatutako Zuhaitzaren Eguna egin zen igandean. Berako Tiro eremu inguruan, bertako hainbat zuhaitz landare sartu zituzten herriko neska-mutikoek, zenbait gurasorekin. Bezperan, Ehiza eta Arrantza Elkarteko kideek zuloak egin zituzten eta haurrek, bakoitzak bere zuhaitza landatu zuen, gurasoen laguntzarekin. Ondotik, nola ez, hameketako ederra izan zuten. Duela 30 urte, 1979an berreskuratu zuen ohitura hau Berako Herriko Etxeak, Guraso Elkarte eta Gure Txokoa elkartearen laguntzaz. Azkeneko urteetan, Ehiza eta Arrantza Elkartearen eskutik egin izan dute. Garai batean, herritik oinez joaten ziren, baina gaur egun haur ttikiagoak izaten direla kontuan hartuz, Lizuniagatik egiten dute mendi ibilalditxoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun