Lesakako udal igerileku estalia ireki zenetik urtea bete den honetan, Udalak 655.000 euroko mailegua eskatu behar du Euskadiko Kutxan, lanen 25. egiaztatzea ordaintzeko. Honela onartu zen ilbeltzaren 23ko ez ohiko batzarrean, EA eta Onineko zinegotzien aldeko botuarekin eta PNVren kontrakoekin. Udalak 20 urteko epea izanen du kreditua itzultzeko.
PNV: "Legealdi honetan gastuak aurrekontu-zorroztasunik gabe egin dira"
Bere kontrako botua azaltzerakoan, PNVk bere haserrea adierazi nahi izan zuen, “legealdi honetan gastu batzuk inolako aurrekontu-zorroztasunik gabe egiten direlako”. Igerilekuko obran bertan gastuak izugarri igo direla azpimarratu nahi izan zuten, proiektuan agertzen ez ziren lanak egiteagatik, “diru-sarrerarik aurreikusi gabe eta udaleko osoko bilkuran eztabaidatu eta onartu gabe”. Igerilekuko ostatu-jatetxea ustiatzeko moduarekin ere ez dago ados PNV. “Ustiatzeari uzteagatik 18.000 euro inguruko kalte-ordainak pagatu eta gero, ikusten dugu kalte-ordaina jaso zuen pertsona berak ustiatzen segitzen duela, tartean imolako lehiaketa edo kontraturik egin gabe eta, gainera, Udalari deus ere ordaindu gabe”. Burniaren Zentroan edo Agiñako aparkalekuan izandako akatsak ere aipatu zituen Juan Fermin Mitxelena zinegotziak. Bere ustez, udalaren ekonomia-bilakaerak ezin du bide horretatik segitu, “horrela segituz gero epe laburrean porrot eginen dugulako”.
EA eta ONIN: "Egoera ekonomikoa aurreko urteetako herentzia"
Oningo Fermin Altzugarairi gehiegizkoa iruditu zitzaion udalaren egungo egoera ekonomikoa, “gaurko gobernu taldeari leporatzea” eta argumentazio horiekin segituz gero, “aurreko urteetako herentzia dela” ere erran daitekeela uste zuen. Horren adibidetzat jarri zuen 2001 eta 2006 urteen artean, PNV alkatetzan zela eta “inolako ladrillorik jarri gabe” 512.488 euro gastatu zirela Kultur Etxe eta Liburutegi proiektuen erredakzioan. Koldo Erkizia alkatearentzat ere “sinesgaitza” da egoera ekonomikoaren arduradun egungo udal taldea egitea eta bertze hainbat konturen artean, kiroldegiko obretan, 1.132.807 euro prezio kontradiktorioetan gastatu direla aipatu zuen. Deñe Abuinek aipatu zuenez, “piszinaren ostatuaren kontratazioa ez dago Udalaren gain, Urdik eramaten du, gainera PNVk erranda”. ere, Burniaren Zentroari eta Agiñako aparkalekuari buruzko azalpenak eman nahi izan zituen. Burniaren Zentroan 140.000 euro gastatu direla aipatu zuen eta Leader Planetik 36.000 euroko dirulaguntza jaso dela. Agiñako aparkalekuan udalak ez duela euro bat bera ere jarri adierazi zuen Onineko zinegotziak eta bi lanek, “2008ko dirusaila zuten eta partida horretatik ez gara pasatu”.
1.292 bazkide ditu udal kiroldegiak
2008ko martxoaren 1ean ireki zituen ateak Lesakako udal kiroldegiak. Orduan 400 bazkide zituen eta milara ailegatzea zen lehen helburua. Hiru hilabetez lortu zuen helburu hori eta gaur egun 1.292 bazkide ditu. Horietatik gehienak Bortzirietakoak dira, 1.103 (Lesakako 893, Berako 138, Igantziko 28, Etxalarko 24 eta Arantzako 20), Malerreka eta Sunbillatik 50 inguru datoz eta gainerakoak Nafarroa eta Gipuzkoako bertze herrietakoak dira.