Berako Talleres Mecanicos Elkar enpresak joan den otsailaren 17an langileen ordezkariei Enplegu Erregulazio Espediente edo ERE baten berri eman zien. ERE horretan 14 langile kaleratuak izanen ziren. Kontuan hartu behar da gaur egun 25 langile dituela enpresak eta 2008ko urria arte 34 langile izan zituela. Beraz, urritik honat enpresak plantilaren %70 bota egin duela aipatu dute ELA eta LAB sindikatutik.
ELA eta LABen ustez, "neurrigabea"
Lantegi honetan, izenak dioen bezala, lan mekanikoak egiten dira enpresa batzuetako mantenimenduarekin batera. Zehazki, mantenimendu lanak gehien bat Lesakako Arcelor lantegian egiten da eta lantegi hau da azken urteetan lan eta diru iturri nagusia Elkar enpresarentzat. Elkar enpresaren arabera, Arcelorren lana jautsi dela eta hartu behar dute neurri hau. Honen aitzinean Enpresa komitea osatzen duten ELAko bi ordezkariek eta LABeko ordezkari bakarrak ezetz erran dio enpresak aurkeztutako EREari “erabat neurrigabea iruditzen zaigulako hartu duten neurria”, eta enpresak egiten dituen kontuak zalantzaz jartzen dute, “diotena baino lan gehiago dagoela eta egonen dela pentsatzen dugulako”.
Martxoaren 2tik greban
Enpresak bere posizioa mantentzen duenez eta “egoeraren larritasuna” ikusirik langileak greba mugagabean daude martxoaren 2az geroztik. Langileen iritziz, “enpresak irabaziak izan dituenean langileen egoeran hobekuntzarik ez dutenez izan, ezin dugu onartu diru guttiago irabazten ari direnean langileek ordaindu behar izatea beti bezala”. Langileen ordezkariek argi eta garbi utzi nahi dute solasteko prest daudela eta bertze irtenbideak egon badaudela, “baina enpresa atzera botatzen ez den bitartean eta bertze planteamenduak onartu eta aditzeko prestutasuna agertzen ez badu langileok tinko jarraituko dugu greban gure eskubideen alde”.
Mobilizazioetan parte hartzeko deia
Egoera hau ikusirik, eta grebak aitzinera segitzen badu, langileek deia egin diete Baztan-Bidasoako eskualdeko biztanleei, egon daitezkeen mobilizaziotan parte hartzeko, “ez delako enpresa bakar bateko afera bakarrik, eskualdeko jarduera ekonomiko osoa baitago jokoan garai hauetan”.