Ttiki-ttikitatik bizikletaren gainean, eta tartean zazpi urte profesionaletan. Lasterketa eta garaipen aunitzekin horrela osatu du Jon Bruk beratarrak txirrindulari bezala bere ibilbidea. Egoerak hala behartuta utzi egin du txirrindularitza, baina orain artekoa gogoan, herritarrek eta lagunek omenaldi hunkigarria eskaini zioten otsailaren hondarreko asteburuan.
Ortziralean aurreskua, bideoa, opariak, erakusketa…
Aurreskua, oroigarriak, Bruri buruzko erakusketa eta ikus-entzunezkoa... Eta tartean emozioz beteriko negar malkoak ere bai. Ortziralarekin hasi zen omenaldia, Luis Mir Gure Txokoa Dantza Taldeko kideak Jon Bru eta honen gurasoen aitzinean Aurreskua dantzatu zuenean. Txapela hemen zion ondotik. Rafa Etxeberria Berako Udaleko kirol zinegotziak oroigarria eman zion ondotik, eta Kultur Etxean segitu zuen omenaldiak. Argazkiak, prentsatik bildutakoak, txirrindulariaren palmaresa eta maillotak... Jende andana hurbildu zen ikustera. Jon Altzuguren, Bruren kuadrillako lagunak prestatutako bideoa ere ikusgai izan zen.
Larunbatean bizikletan itzulia eta herri bazkaria
Biharamunean, 80 lagun bildu zituen martxa zikloturista egin zen, tartean txirrindulari ezagunak zirela: Patxi Vila, Joseba Larralde, Juanma Garate, Koldo Gil, Jose Luis Arrieta, Javier Etxarri, Jorge Azanza, Alan Perez, Luis Moyano, Chente Garcia Acosta, Xabier Zandio, Imanol Erbiti eta Andrei Amador. Ondotik, 150 lagun bildu ziren Zubiondoko bazkarian.