Ttipi-Ttapa Telebistaren etena salatu dute Mankomuniteak eta alkateek

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 2a, 12:32
Ttipi-Ttapa Telebistak urtarrilaren 31n eten zuen produkzioa. TTIPI TTAPA

Ttipi-Ttapa Telebistan martxan jartzen laguntzeko deia luzatu dute

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta bortz herrietako alkateek Ttipi-Ttapa Telebistaren etena dela eta idatzia sinatu dute. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzen murrizketaren ondorioz, egoera larria zela-eta, kinka larrian zegoela bazekitela diote oharrean, programazioa eta lan taldea egokitzeko asmoa zutela, baina Ttipi-Ttapa Fundazioak urtarrilaren 31n emisioa bertan behera uzteko erabakia jakinarazi zuenean, «guztiz asaldatu ginen», dio adierazpenak. Hori dela eta, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta alkateek «Nafarroako Gobernuaren euskararen aurkako hizkuntza politika» ozen salatu nahi izan dute. Euskarazko hedabideei dagokienez, Lurreko Telebista Digitalerako lizentziak banatzeko garaian, «gure eskualde osoa tokiko telebista izateko aukerarik gabe» uzteaz gain, «hedabideei zuzendutako dirulaguntzen %95eko murrizketak, aurreikusi zitekeen lehenbiziko ondorioa ekarri zuela», Ttipi-Ttapa Telebistaren etena, hain zuzen.

Herritarrei mezua

Ttipi-Ttapa Fundazioari elkartasun mezua helarazteaz gain, Bortzirietako herritar eta erakundeei bertako euskarazko hedabideen defentsan aritzeko deia egin diete Mankomunitatetik, «Ttipi-Ttapa Telebista berriz ere Bortzirietako etxeetan egotea lortu arte, sentsibilizazio, atxikimendu eta salaketa ekimenetan parte har dezaten». Izan ere, Ttipi-Ttapa Telebistak «funtzio garrantzitsua betetzen du, herritarrei hurbileko informazioa eta gozamena eskaintzen dizkie, bai eta euskaraz eskaini ere. Horrez gain, ez dugu ahantzi behar jarduera horren atzean dauden lanpostuak, gure eskualdea krisi ekonomikoaren kolpe latzak jasaten ari den honetan».
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskal herritar guziei eta nafarrei bereziki «euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen, elkarlanerako deia» egin du, «Nafarroako Gobernuaren erasoen aitzinean euskararen aldeko jarrera tinko eta bateratua ager dezagun guztiok».

Lizentziarik gabe uztea «bidegabea»

Tokiko telebisten aferari dagokionez, Lurreko Telebista Digitalaren lizentzien banaketa «bidegabea» dela kritikatu salatu dute Mankomunitateak eta alkateek adierazpenean, eta «berehala, euskarazko tokiko telebistak arautzeko pausoak eman daitezela» galdegin du. Horretarako abian diren ekimen eta mozioekin bat egiteko konpromisoa hartu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun