Zalaingo auzotarrak ez daude gustura, baina Udalak bizilagunen nahiak ezin ditu gogobete. Auzotarrak hasieratik arduratu dira, 1990az geroztik auzoa industrialdetik bereizten duen bidea eta auzorako sarbidea izan dena, nabe berriekin desagertzen ikusi zutelako. Gaiarekin bueltaka ibili ondotik, azkenean, auzotarrek euren bidea izanen dute eta industrialdea eta auzoaren artean berdegunea ere bai, baina ez eurek nahi adinakoa. Erabakia otsailaren 27ko plenoan hartu zuen Udalak.
Erabaki berri honekin, nabeak zenbait etxetatik hurbil geldituko dira, eta auzotarrentzako bidea estua izanen da, baina Josu Iratzoki alkateak aipatu digunez, hori izan da gelditu zaien soluzio bakarra. Hirigintza Planean onartutako alineazioak ez dira aldatu, eta Udalak etxeekiko mantendu beharreko distantzia hasieratik finkatu du. Baina 2007an Udalak eta promotoreak sinatu zuten hitzarmenarekin, azken honek hainbat eskubide lortu zituen. Horrela, nabeak etxeetatik hagitz hurbil gelditzeraino eraikitzeko baimena du promotoreak.