«Hedabideetan agertzen dena baino indarkeria kasu gehiago daude»

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 2a, 11:33
Marisol TABERNA Berako Uxua Emakume Taldea TTIPI TTAPA

• Martxoaren 8a da igandean, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Emakumeen eskubideak aldarrikatuko dituzte hainbat tokitan, eta gure inguruan ekitaldiak izanen dira.
• Beran, erraterako, Uxua Emakume Taldeak bi film eskainiko ditu ortzegunean eta igandean, eta larunbaterako bazkaria antolatu du, Kultur Batzordearen laguntzarekin.
• Marisol Taberna Uxua taldeko kidea da eta emakumeen egoera nola ikusten duen azaldu dio Ttipi-Ttapari.

Azken hamarkadetan aldaketak izan dira eta emakumearen presentzia indartu egin da. Halere oraindik badira desberdintasunak...

Bai, oraindik ere diferentzia haundiak daude. Lan baldintzei erreparatzen badiegu, orokorrean emakumeen soldata ttikiagoa da. Horrez gain, emakumeek lan aukera guttiago ditugu, eta promozioa eta kontziliazioan ere kaltetuagoak gara. Eta ez dira lan kontuak bakarrik. Tratu txarrak, heriotzak, eraso sexualak... emakumeok sufritzen ditugu eta hemen ere gertatzen dira. Eta krisiarekin nork sufrituko du gehien? Ba emakumeak.

Egunero indarkeria kasuren bat aditzen dugu hedabideetan…

Orain arte urrutiko kasuak bailiran ikusten genituen, Andaluzia aldean, Valentzian… Gaur egun, ordea, hurbiletik ezagutzea tokatu zaigu. Herrian ez bada, egoera horretan dagoen hurbileko norbait ezagutuko dugu. Hedabideetan agertzen dena baino hagitzez ere kasu gehiago gertatzen dira. Oraindik ere kontua isilean gordetzen dutenak aunitz dira. Emakume batek bere eskubideak exijitzen ditu orain. Lehenago, aldiz, etxean egotera ohituak zeuden, deus eskatu gabe, eta gizonari jotzeko «arrazoirik» eman gabe. Kontuan hartu behar da, orduko bikoteak ez zirela bereizten, eta orain kasu aunitz banandutakoan gertatzen dira.

Gure inguruan, emakumeei begira zein gabezia daude?

Lan kontuetan, adibidez, enpresa aunitzetan sartzeko zailtasunak dituzte emakumeek, eta kanpora joan behar dute lanera. Inguruko lantoki batzuetan, gainera, baldintzak eta soldatak ez dira berdinak gizon eta emakumeetan. Gainera, etxetik kanpo lan eginagatik emakumeak etxeko ardura haundienarekin segitzen du. Bere garaian, Bortzirietan emakumeen arretarako zentroa lortzeko ahaleginetan ere aritu ginen, baina nahiko etsita gaude. Ginekologia zerbitzua Elizondon dago, urruti, eta horrez gain, Nafarroan zerbitzu hori hagitz murriztua dago. Hiru-lau urtetik behin azterketa egitea ez da aski.

Bortzirietako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako lehen plana paratu zen martxan 2006an...

Egia erran motel xamar dago. Dirulaguntza baten bidez, berdintasun arloko teknikari bat kontratatu zen Bortzirietan eta lanean hasi ginen, baina bigarren urtean bajan egon da eta teknikaririk gabe egon gara. Halere, berdintasunaren alde lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko bigarren ituna sinatu da berriki.

Uxua Emakume Taldean nola funtzionatzen duzue?
Bi astetik behin bilerak egiten ditugu. Emakumeen gaiei buruzko solasaldiak izaten dira, gure hausnarketak. Emakumearentzat egun seinalatua denean zerbait antolatzen saiatzen gara, baina egia erran, momentu honetan nahiko motel dago kontua. Edozer egiteko dirulaguntzen menpe gaude beti.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun