Nafarroako Gobernuak N-121A errepideko lanak Bortzirietan “ekainerako bukatuko direla” berretsi du

Aitor AROTZENA 2009ko ots. 27a, 15:48
Bortzirietako alkateak Herrilan zuzendari nagusiarekin eta Basataundiko tunelaren bi aldeek bat egin dutenekoa. TTIPI TTAPA

Basataundiko tuneleko bi aldeak elkar lotu dituzte ortziral eguerdian

Nafarroako Gobernuak “bete beharreko helburutzat” dauka N-121A errepideko Bortzirietako lanak 2009ko ekainerako bukatzea. Horrelaxe aipatu dute ortziral goizean Etxalarren Jose Luis Echavarri Arraiza Herrilan zuzendari nagusiak eta Jesus Gonzalez Albero, Bide Zerbitzuko zuzendariak. Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak, Bortzirietako alkateen izenean, epe horri buruzko zalantza azaldu duenean, errandakoa berretsi dute Nafarroako Gobernuko bi ordezkariek. Horretaz gain, bide berdea lanak hasi baino lehen zegoen bezalaxe utziko dutela aipatu dute eta Matxain baserria heldu den astean botako dutela. Herrilan zuzendari nagusiak N-121A errepideko lanak bisitatu ditu ortziral goizean, Basataundiko tuneleko bi aldeak elkar lotu baitituzte. Berekin batera, Ainara Maia Arantzako alkatea, Josu Iratzoki Berako alkatea, Koldo Erkizia Lesakako alkatea, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea eta Igantziko Agustin Sainz eta Jose Luis Sein zinegotziak izan dira.

Duela ehun urteko mehatze zuloak

N-121A errepideko lanak hiru zatitan egiten ari dira Bortzirietan, Igantzi-Etxalar, Etxalar-Bera eta Bera-Endarlatsa zatietan, eta Nafarroako Gobernuak 48,63 milioi euro inbertitu ditu. Basataundiko tunela Igantzi-Etxalar zatian dago eta 438,6 metroko luzera dauka, gehienak zuzenak, azkeneko 60-80 metroak izan ezik. Tunelak, gaur eguneko beharrezko baliabide guziak dituela azpimarratu nahi izan du Bide Zerbitzuko zuzendari nagusiak. “Iruña aldeko ahotik 28 bat metrora mehatzetako bi galeria azaldu ziren, duela 100 bat urtekoak, eta ormigoiarekin bete behar izan dira. Gainera, tunelaren gainetik, ura zeraman tunela ere bazen eta hori inpermeabilizatzeko lana egin dugu”. Amisalaietako tunelaren lanak Basataundikoak baino aitzinduagoak daudela ere gogorarazi du Jesus Gonzalez Alberok, “baina bi aldeak beranduago elkar lotuko ditugu”.

Endarlata-Bera zatian mozketa luze gehiagorik ez

N-121A errepideko erabiltzaileek jasan behar dituzten eragozpenei dagokienez, Bera-Endarlatsa tartean lur mugimenduaren %90a egina dela azpimarratu dute eta %100a gaur egungo errepideari eragiten dionari dagokionez. Horregatik, errepide mozketak kasik akaututzat eman ditu, nahiz eta tarteka labur batzuk izan daitezkeen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun