Bortzirietako 21 erakundek II. Bateragarritasun Ituna sinatu zuten ortzegunean Beran

Aitor AROTZENA 2009ko ots. 27a, 15:41
Itunaren sinatzaileak ortzegun arratsean Berako Herriko Etxean. TTIPI TTAPA

Lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko helburuarekin hainbat ekimen prestatu dituzte

Bortzirietako Oinarrizko Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateak, bortz herrietako udalek, Arantza, Igantzi, Lesakako Irain eta Berako Ricardo Baroja ikastetxe publikoetako eta Toki-Ona instituko Guraso Elkarteek, Berako Ezker Abertzalea, EA eta Aralar udal taldeek, Lesakako Onin udal taldeak, ELA sindikatuak, Lesakako Osasun Zentroak, Igantziko eta Berako Ricardo Baroja ikastetxe publikoek, Cederna-Garalur erakundeak eta Berako Uxua Emakume Taldeak Lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko bigarren Itun Mankomunatua sinatu zuten ortzegun arratsaldean Berako Herriko Etxean.

XXI. mendeko erronka

Itunan ageri denez, “emakumeen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasuna da XXI. mendeko erronka nagusia. Berdintasun formala ordenamendu juridikoan jasota badago ere, herritarren arteko berdintasun errealaz hitz egitea eragozten duten gizarte jarduerak aldatzea eskatzen duten diskriminazio modu ugari dago oraindik ere”. 2007 eta 2008 urteen artean indarrean izan zen lehen itunaren ondotik, bigarrena 2009 eta 2010ean egonen da indarrean.

Gizarte eragileei zuzendutako ikastaroak

Bortz eremutan landuko da bereziki itun hau eta horien berri eman zuen Ana Irastorza, Irain Guraso Elkarteko ordezkariak. Alde batetik, erantzunkizunaren baloreen aldaketara bideratutako sentsibilizazio ekintzak eginen dira, bertzeak bertze hitzaldi informatiboak, erditzea prestatzeko ikastaroak, “Uraren ixiltasuna” filmaren emanaldia edo erantzunkidetasunaren inguruko tailerrak eginen dira datozen hilabeteetan. Halere, lehenik Bortzirietako gizarte eragileei zuzendutako formazio ikastaroak eginen dira. Zehazki, bina orduko tailerrak eginen dira martxoaren 12, 17 eta 26an eta apirilaren 2an, 18:00etatik 20:00etara, Cederna-Garalur erakundeak Alkaiagan duen egoitzan.

Haurtzaindegia urte osoko jardueretan eta ludoteka eta jubiloteka urrian

Erantzunkidetasunerako emakume eta gizonen arteko itunak eremuan, giza trebetasunen eta gatazken kudeaketarako tailerra eginen da azaroan eta ituna sinatu duten Guraso Elkarteek parte hartuko dute. Denboraren kudeaketa modu berrien garapen eta finkatzeko eremuan, dirulaguntzak eskuratzeko baremoan, urtartze irizpideak aintzat hartuko dira eta ardura familiarrak duten pertsona langileen ordutegi malgutasuna erregulatu nahi da 2009 urtean zehar. Baliabide eta udal zerbitzuen sorrera, herritarren bizi pertsonala, profesionala eta familiarra uztartzea lagunduko duten ekintzen eremuan, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da 2009an burutu beharreko jardueretan eta horretaz gain, ludoteka eta jubiloteka martxan jarri nahi dira urrian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun