2008aren akaberan agurtu zuen Jon Bru Pascal txirrindulari beratarrak profesionalen mailan egindako zazpi urteko ibilbidea. Bide berriari ekin dio baina orain arte egin duena gogoan, Berako herriak omenaldia eskainiko dio otsailaren 27an eta 28an, talde eta elkarte ezberdinek antolatutako ekitaldiekin.
Erakusketaren irekiera ortziralean
Otsailaren 27an, ortzirala, ohorezko aurreskuaren ondotik, Jon Bruren ibilbidea biltzen duen argazki erakusketaren inaugurazioa eginen da 20:00etan. Gero, bideo emanaldia ere izanen da eta luntxa eskainiko da Kultur Etxean, nahi duen guziarentzako.
Larunbatean zikloturista martxa eta herri bazkaria
Biharamunean, berriz, 10:00etan martxa zikloturista eginen da Bruren omenez. Kiroldegitik abiatuko da itzulia eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, Berako txirrindulariarekin batera entrenatzen zuten Zandio, Koldo Gil, Denis Menchov, Txente Garcia Acosta eta Imanol Erbiti gonbidatuak daude ateraldira, baita Patxi Vila eta Juanma Garate ere. Eguerdi aldera Agerrako frontoira itzuliko dira eta ttikienendako itzuli bat eginen dute herrian barna. Segidan, 14:00etan herri bazkaria eginen da Zalain jatetxean. Txartelak Goiko argazkidendan, Errekalde ostatuan eta Katea-Biken daude salgai dagoeneko, 35 euroren truke.
Ibilbidea
Jon Bru Pascal 1977ko urriaren 18an jaio zen Beran. Gure Txokoako txirrindularitza eskolan ibili ondotik, kadetetan Laminaciones de Lesaka taldean eta jubenil mailan CSI Transformados taldeetan aritu zen. Afizionatu mailan, lau denboraldi eman zituen Caja Rural taldean eta bana Banesto eta Telcom taldeetan. 2002an egin zuen saltoa profesional mailara, baina horretarako Portugalera joan behar izan zuen, La Pecol taldera. Han hiru urte eman ondotik, Kaikurekin fitxatu zuen 2005ean eta bi urte eman zituen talde horretan, desagertu zen arte. Azken bi denboraldiak, 2007an eta 2008an, Euskaltel-Euskadin eman ditu, baina ez du bere onena ematerik izan eta orain, profesionaletan segitzeko aukera egokirik ez zuenez, txirrindularitza uztea erabaki du.