Lesakako Beti Gazte elkarteak urteko batzarra eginen du ortziral arratsaldean

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 26a, 12:02

Mendi taldea berriz Lizarietara aterako da igande goizean

Lesakako Beti Gazte elkarteak ohiko batzar nagusia eginen du ortziral honetan, otsailaren 27an, arratsaldeko 19:30ean lehen deialdian eta 20:00etan bigarrenean. Bileraren gai-zerrendari dagokionez, 2008ko otsailaren 29ko ohiko batzarraldiaren akta irakurri eta, bidezkoa bada, onartu eginen da. Ondotik, 2008an egindako ekitaldiak eta kontuen balantzea aztertuko da. Segidan, 2009ko ekitaldiak eta aurrekontua eztabaidatuko dira eta kuotak eguneratzeko puntua ere mahai gainean izanen da. Eskari-galderen txandaren aitzinetik, Zuzendaritza Batzordea berritzea ere aztertuko da.
Batzarra elkartearen egoitzan izanen da, Beheko Plaza 9ko lehen solairuan eta akautuakoan, lunch ttiki bat eskainiko da

Mendi taldea Lizarietara igandean

Bertze aldetik, Beti Gazteko mendi sailak antolatuta igandean, martxoaren 1ean, Etxalarko Lizarietara mendi ateraldia eginen da. Hitzordua goizeko 7:45ean izanen da Lesakako Plaza Zaharrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun