Bortzirietako Korrika Batzordea osatzeko lehen bilera martxoaren 2an eginen da

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 26a

Iamotenean arratseko 20:00etan

Heldu den astelehenean, martxoaren 2an, arratseko 20.00etan deitua dago Bortzirietako Korrika Batzordearen lehen bilera Berako Jamotenean, Gure Txokoa elkartearen egoitzan.

Bortzirietan martxoaren 30ean

Korrikaren 16. edizioa Tuteratik abiatuko da martxoaren 26an, eta Gasteizen bukatuko da apirilaren 5ean. Bortzirietara Lizuniagatik sartuko da, martxoaren 30ean, astelehen goiz edo eguerdian.

Lanean hasteko garaia

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, beti egin den bezala, Korrika Batzorde bat osatzeko asmoa azaldu du, “lanean hasteko garaia” delakoz. Baina herrietako euskara batzordeetako kideez gain, bertzelako jendea ere animatu nahi dute batzorde honetan parte hartzera.

Korrika Kulturala

Korrika kulturalari dagokionez, oraingoz bi hitzordu zehaztuak daude: Martxoaren 6an, arratsaldeko 19:30ean solasaldi musikatua eskainiko du Edu Zelaietak Berako liburutegian. Baztan-Bidasoako hizkera ikertu du eta horren aurkezpena eginen du, hain zuzen. Bertze aldetik, Glu Glu produkzioak taldearen "Kanpaiak jo bitartean” antzeslanaren emanaldia izanen da Berako Kultur Etxean, martxoaren 14an, 22:00etan. Sarrerak 6 euroan salduko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun