Berako Salgai-hondarren bigarren feria antolatu du Larun-Haizpek iganderako

ttipi-ttapa 2009ko otsailaren 25a

Joan den urtean bi mila lagunek bisitatu zuten Berako salgai-hondarren feria. TTIPI TTAPA

Iaz baino sei merkatari gehiagok eskainiko dituzte produktuak kiroldegian, 17 guzira

Joan den urteko arrakasta ikusita, bigarrenez salgai-hondarren feria egitea erabaki du Larun-Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen elkarteak. Udala, Nafarroako Rural Kutxa eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin martxoaren 1ean, igandea, eginen da. Sarrera euro bat kobratuko da eta horrek, feriaren laguntzaile diren ostatuetan kontsumizio bat egiteko eskubidea ematen du. Honela, azokara zenbat lagun sartzen diren jakiteaz gain, bizia eman nahi zaio herriari egun honetan.

Iaz 2.000 lagun sartu ziren feriara

Joan den urtean 2.000 lagun inguru sartu ziren ferian, “espero genuena baino aunitzez gehiago” eta arrakasta hori errepikatu nahi luke aurten ere Larun-Haizpek. Egun osoan, 10:00etatik 19:30era herriko dendariek stockean dituzten artikuluak prezio onean eskainiko dituzte Kiroldegian. Hauek hartuko dute parte: Agara Kirolak, Arturo arropa-denda, Edurne haur arropa-denda, Elkar eta Igone liburu eta paper-denda, Kalotxa zapata-denda, Artieda M. lentzeria, Bera Informatika, Zela Kirolak, Martzutzak arropa eta bitxiak, Expert Bortziriak, Yoan ileapaindegia, Ameka burdindegia, Azalea lore-denda, Duve ileapaindegia eta estetika, Beti-Jai ostatu-jatetxea eta Goxo ikuztegi industriala. Beraz, iaz baino sei komertzio gehiagok parte hartuko dute, 17 guzira.

«Merkatari nahiz bezeroentzako onuragarriak»

Larun Haizpe elkartearen ustez, feria hauek onuragarriak dira merkatari nahiz bezeroentzako, “alde batetik, denboraldi bukaeran gelditzen den stocka saltzeko aukera ematen die dendei eta bestetik, bezeroek kalitatezko produktuak erosteko aukera dute, merkatuan konpetentziarik ez duten prezioetan”. Larun Haizpe elkartetik, beratarrak animatu nahi dituzte egun honetan parte hartzeko eta “Bortziriak, Baztan, Malerreka, Sunbilla, Iparralde eta inguruko jendea ere animatu, bisitan etor dadin”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun