Inudeak eta Artzaiak Beran eta Zakozarrak Lesakan izanen dira Inauteri igandeko protagonistak

ttipi-ttapa 2009ko ots. 20a, 13:23
Inudeak eta artzaiak goizetik abiatuko dira Beran eta zakozarrak arratsean ibiliko dira Beran. TTIPI TTAPA

Astelehenean baserrietako eskeekin eta karrozekin segida izanen dute inauteek

Ortzegun Gizeneko ospakizunen ondotik, igandea izanen da egunik handiena Bera eta Lesakako inauterietan. Beran protagonismo osoa Inude eta Artzaiek hartuko dute. Goizeko 10:00etan abiatuko dira Eztegara pilotalekutik eta goiz osoa emanen dute herrian barna kalejiran, musika bandaren laguntzarekin. Arratsaldez, 18.00etan berriz ere ekinen diote bere ibilbideari, kasu honetan Eztegara pilotalekutik Altzate karrikara.

Lesakan zakozarrak arratsaldean

Beran, inudez mozorrotutako mutilak eta artzaiez mozorrotutako neskak baldin badira protagonista, Lesakan, dudarik gabe, Zakozarrak izanen dira inauteri giroa karrikaz karrika hedatuko dutenak igandean. Lehenik, 17:00etan, mairu eta Zakozar ttikien kalejira ibiliko da herrian barna, trikitixa taldeak lagunduta eta Plaza Zaharretik abiatuta. Ordurako Zakozar handiak frontoi inguruan bilduak izanen dira, zakuak belarrez betetzen eta poliki-poliki josten joateko. Gero, 18:30ak aldera abiatuko dira musika bandak Lesakako inauterien doinua jotzen duen bitartean. Bidean harrapatzen dituztenak pixontziarekin tentatuz eta zirikatuz eginen dute kalejira. 19:00etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean Gaubela taldearekin.

Astelehen eta asteartean segida

Astelehenean eta asteartean segida izanen dute inauteriek Beran nahiz Lesakan. Lesakan Fraindarrak eta Goitarrak aterako dira eskean, talde bakoitza bere auzoetan. Fraindarrak Frain eta Otsango inguruetan eta Goitarrak Endara, Zala, Auzoberri eta Nabaz inguruan. Eguerdi partean karrozak aterako dira Plaza Zahareña eta arratsaldeko 19:00etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean Gaubela taldearekin. Asteartean ere lan horretan segituko dute, baina herriko karriketara gehiago hurbilduko dira. Beran, astelehenean zingar-arraultzea eskea eginen dute gazteek karrozetan. Arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara Deabru Beltzak taldeak “Les tambours de Feu” ikuskizuna eskainiko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun