Inauterietako ospakizunak asteazkenean hasiko dira Beran eta Lesakan

ttipi-ttapa 2009ko ots. 17a, 11:32
Kaldereroen kalejira arrakastatsua izan da aurten ere Beran. TTIPI TTAPA

Beran, larunbatean egin zuten kaldereroen kalejira arrakastatsua izan zen

Ortzegun Gizeneko Zingar-Arraultze edo Arraultze-Arraultze puxka-biltze edo eskeekin hasiko da Inauteri ofizialen egitaraua, baina batzuk lehenagotik hasi nahi dute inauteri giro horretan murgiltzen. Beran, joan den larunbatean egin zuten Kaldereroen kalejira. Iaz bestaz gogoeta egiteko deia egin ondotik jende aunitzek lanerako konpromisoa hartu zuen. Aurten ere, jendeak engaiamendu bera hartu du: entsaioak zuzentzeko, materiala prestatzeko, gurdia muntatzeko eta dekoratzeko, baratxuri zopa egiteko eta bertze hainbat lanetarako. Horregati, Berako Kultur Batzordeak eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartu zuten guziei.

Berako Isidoro Fagoaga Musika Eskolakoen kalejira asteazkenean

Asteazkenean, otsailaren 18an, Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolakoek emanen diote ongietorria inauteriei, Inauteri Bestarekin. 16:30ean karrikaz karrika ibiliko dira Musika Eskolakoak eta Zahar Etxea bisitatuko dute. 17:00etan berendua izanen dute Musika Eskolan. Modu berean, aipatzekoa da Inudeak eta Artzaiak desfilean ateratzeko entsaioak asteazken eta ortziralean, hilaren 18 eta 20an izanen direla, 20:00etan Eztegara pilotalekuan eta bazkarirako txartelak bertan salduko direla.

Lesakako Irain eskolan inauterietako jaialdia asteazkenean

Lesakan, Irain eskolako ikasle eta irakasleek ere Inauteri besta antolatu dute asteazkenerako. Goizeko 11:15ean izanen da jaialdia Irain eskolako gimnasioan.

Nagusilan taldearen bilera asteazkenean 18:00etan

Duela bi aste aurkeztu zen Lesakan, bakarrik eta babes gabe dagoen jende adintua zaintzeko asmoz sortu den Nagusilan boluntario taldea. Boluntario talde honetan parte hartu nahi duenak edo zer den hobeki jakin nahi duenak asteazken honetan, otsailaren 18an izanen du horretarako aukera, bilera izanen baita Lesakako Udalak Antoiu Karrikako 27ko bigarren pisuan duen aretoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun