«Hainbertze urteren ondotik, gogorra da txirrindularia ez zarela onartzea»

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 13a

TTIPI TTAPA

• Profesionaletan zazpi urte egin ondotik, joan den urteko irailean agurtu zuen txirrindularitza Jon Bruk (Bera, 1977).
• Halabeharrez utzi behar izan du txirrindularitza, saiatu arren, ez duelako talderik aurkitu. Beregatik balitz, gustura segituko lukeela aitortu digu eta hortaz, penarekin dago. Halere, etorkizunaz galdetuta, ilusioarekin mintzo da. Kirolariak prestatzeko zentro bat irekiko du apirilean Mutiloan (Nafarroa).
• Otsailaren 27an eta 28an omenaldia eskainiko diote sorterrian, eta pozik hartu du hori: «luxu bat da niretzat».

Pena eta ilusioa. Bi sentimendu horiexekin topatu dugu Jon Bru Berako txirrindularia. Pena, nolabait «behartuta» txirrindularitza profesionala utzi egin behar izan duelako, eta ilusioa, etorkizunari begira buruan dituen proiektuekin gogoberritua dagoelako. Zazpi urte eman ditu profesionaletan Jon Bruk eta bada zerbait.
Kontent dago profesionaletan aritzeko bere ametsa bete duelako, berak erran bezala, «txirrindularitzako kategoriarik altuenean egon naizelakoz». Zapore «gazi-gozoarekin» gelditu dela ere nabarmendu dio Bruk Ttipi-Ttapari: «momentu on eta garaipenek zapore gozoa utzi didate, oroitzapen ona. Baina txarrak ere hor daude eta horiek zapore gazia eman didate. Orokorrean, halere, uste dut egindakoarekin pozik egoten ahal naizela».
Azken bi denboraldiak Euskaltel taldean egin ditu Jon Bruk eta zuzendaritzak irailean jakinarazi zion ez ziola kontratua berrituko. «Momentu hartan zalantzan nengoen. Banekien zaila izanen zela, baina gogorra izan zen, eta hala izaten segitzen du oraindik ere. Hainbertze urteren ondotik, txirrindularia ez zarela onartzea gogorra da».
Euskaltelen pasatu dituen azkeneko bi urteak ditu gogoan: «bi urtez segidan gaizki aritu naiz, sufritu egin dut...». Geroztik, talde bila ibili dela ere onartu du, Portugal aldean eta Kaiku taldean, baina ez du zorterik izan.
Afizionatuen mailan, Caja Rural, Banesto eta Telco taldeetan ibili zen, eta La Pecol-ekin egin zuen salto profesionaletara. Ondotik, Kaiku eta Euskaltel-Euskadin ibili zen. Bereziki Kaikun pasatako garaia du gogoan Bruk: «bikaina». Taldekide eta ondoan eduki zituen artean «giro ona» izan zuten.
Etapa edo garaipen gogoangarri batez galdetuta, afizionatuetara jo du: «Balentziaga Lasterketa. Nire lagun eta gurasoen aitzinean irabaztea garrantzitsua izan zen. Helmugara ailegatu eta nire garaipena ospatzen ari zirela ikustea pozgarria izan zen». Gerora, Portugalen ibili zenean, hori faltan bota omen zuen.
Momentu onak aunitz, eta txarrak ere bai, noski, «batez ere, entrenatu eta zaindu arren, norbere maila eman ezin denean, gorputzak laguntzen ez duenean». Ikasi ere aunitz egin du urteotan: «kirol gogorra da, eta fisikoki eta buruz hagitz ongi prestatua egon behar da». Pertsona bezala ere aunitz ikasi duela adierazi digu, «etxetik urruti, hura ere elkarbizitza da».
Eta orain zer? Ba proiektu eta ilusio aunitz. Apirilean kirolariak prestatzeko zentro bat irekiko du Mutiloan eta horretan dihardu burubelarri. «Garai berri bat hasiko dut bizitzan, eta heldu zaidanari heltzeko gogo haundiarekin nago».
Otsailaren 27an eta 28an herritarrek eskainiko dioten omenaldiaz ere mintzatu gara, eta poza eta eskerrak emateko gogoa antzeman dizkiogu. «Beharbada hori izanen da besoak altxako ditudan azken aldia».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun