Eguraldi kaxkarrak ez du inauterietako giroa trabatu

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 13a

Umorea eta bestarako gogoa inauteri hauetan hutsik egin ez duten bi osagai izan dira. TTIPI TTAPA

25 Mozorro Zuri eta herriko musikari gazteak elkarlanean mozorraldi polita iragan da

Joan den larunbata, Mozorro Zuriek kontuak egiteko eguna zuten eta oraingoz, lana horrelaxe akaututzat eman dute. Urteroko moduan, Mozorro Zuriak guzia antolatzen aritu dira. Aurten ere kuadrila ederra bildu dira: 25 Mozorro Zuri eta herriko musikari gazteak. Ortzegunean, ohi bezala, eskolara bisita egin zuten. Ortzeguneko jaunzkera ator koadraduna eta galtza urdinak painuluarekin izaten da eta eskolako lagunek prestaturiko kolorezko eta paperezko puxkak jarri zituzten painulutik zintzilik. Eskolako egonaldiaren ondotik, bi taldetan banatu ziren: batzuk Aientsa eta Azkilarrea auzoetan eta bertzeak Eguzkialdea eta Bordalarrean ibiliz eguna bukatu zen. Ortziralean herri kaxkoko etxeetan eskean ibili ziren. Egun horretan nola larunbatean, zuriz jaunzten dira herriko gazteak. Ortziral arratsean 60tik goiti emakumek afaria egin zuten Burlada jatetxean. Gorapean, berriz, Mikel Salaberrirekin dantzaldia izan zen goizeko ordu ttikiak arte.

Larunbatean eguraldi hagitz txarra izan arren, arratsaldean haurrak eta guraso mozorrotuak frontoian bildu ziren. Dantzan eta jolasean ibili ondotik, Guraso Elkarteak txokolate beroa banatu zuen pastelekin.
Mezondoan, mozorroen arteko apustua, proba konbinatuak eta bertso pilota saioak izan ziren. Guziaren aitzinetik, ordea, aspaldiko ohitura berreskuratuz, herriko zortzikoa dantzatu zuten Mozorro Zuriek (garai batean inauterietan dantzatzen baitzen) Ondotik, afaldu aitzineko tartea kirolek hornitu zuten. Jexux Mari Irazu eta Xabier Legarretak botilero lana egin zuten pilota partidan bertsoak botaz. Mozorro Beltzek ere euren bisita egin zuten.

Sariak

Errifen zozketa ere egin zen eta hiru sari banatu ziren. Lehena, telebista, Aintzane Pikabeak eraman zuen; bigarrena, mikrouhin-labea Miren Iguzkiagirrek eta hirugarrena, kafe-makina, Jon Jorajuriak. Segidan, 110 afaltiarrek Aterpeko bertso afarian parte hartu zuten. Jon Maia bertsolari zumaiarra etortzekoa zen bertsotan aritzera baina azkenean fisikoki herrian egon ez bazen ere, telefonoz bertsoak bota zituen. Hori ere ezustea izan zen bertsozaleentzat eta ilusioa egin zien. 02:30ak arte luzatu zen afalondoa eta bere lanean hasia zen ordurako Jalisco Band taldea gorapean. Ongi akautu ziren aurtengo inauteriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun